1891 Iurreta
Pedro Mari
Biktoriano Iraola
1
Ikusten zaitut eta kasikan
Ezin sinistu det nik, ai!
Aitorren seme biursariyak
Eztubela kantatu nai,
Zerubak zuri euskal izkuntzan
Emanik ainbeste doai,
Ama euskara zu entzuteko
Gaisoa or daukazu zai,
Poztu deriyen, esan zaiozu
"Bai, kantatuko dizut, bai!"
2
Esan zaiozu bete beterik
Petxu leiala su-garrez,
Kanta zaiozu iruki gabe
Ama maitea negarrez.
Arranoaren egaa moduan
Hoiturikan indarrez.
Estali zazu berdin gabeko
Itz gozo garbi ederrez.
Nola zeruba estalitzen dan
Gau garbiyetan izarrez.
3
Txoriyak bere umearentzat
Eztu ainbeste naitasuna,
Nola zuk Pedro mantxa gabeko
Lur santuari diyozun,
Saroi-tarteko txori-egazti
Danak nai zaituzte entzun.
Euskera zarren edertasunak
Nola goititzen dituzun...
Zuk eztakizu izkuntz arrekin
Zenbat poztutzen gaituzun!
4
Kantatu zazu saroi berdea,
Kantatu mendi goietan,
Baso beltzean, errekatxoan,
Zelai ta bordatxoetan,
Kantatu zazu ibai ertzean,
Arbol tantaien gainetan.
Usai gozozko baratza loraz
Ederki apainduetan.
Baitare ibar alaitsu eta
Atari garbi aietan.
5
Zure itz eder eztitsu aiek
Esanaz alako bigun,
Biyotzeraino ailegatutzen
Dira eztiro ta legun;
Eztakit zuri zer Jaungoikozko
Graziyak sartu zaizkizun,
Bethi oparo argiratzeko
Orrenbeste edertasun,
Neurri gabeko doaiak Pedro
Uste det ote dituzun.
6
Ondar txe txea milizkatuaz
Goititzen dira ur meak,
Goititzen dira nagirik gabe
Pizti ta beren umeak,
Modu berean astindu eta
Kanporaturik nekeak,
Ala gainduko dituzu gure
Izkera eta legeak,
Esanaz zer dan Euskal lurra ta,
Zer diran bere semeak.