1891 Iurreta
Maitetxoaren eriotza eta aita baten negarra
Frantzisko Lopez Alen
1
Uda berrian, ifar aizea
Osto tartean dabilenean
Dardaratuz guztiz polliki
Adar daudenak arbol gainean,
Eguzkiaren atera aldia
Azaldurikan mendi atzean
Dizdizaturik errainu urreak
Errekak berak daukan urean,
2
Eta zelaian gainera berriz
Loretxo sortak usaindun finak
Orri tartean intza gorderik,
Jaunak zuretzat bezela eginak,
Nere maitetxo, ez alda egiya
Gure gandikan penak, saminak
Joaten dirala au ikusirik
Etorririkan, ai atseginak?
3
Non dezu? non? esan nazazu
Ezpain zureak zeukan irria
Dana gozoro biurtzen zuben
Naitasun ezti txit naigarria?
Bainan, ez nazu entzuten inoiz?
Zabal ditzatzu, maite, begiak,
Atzo zeudenak guztiz erneak
Gabeko izar bezin argiak.
4
Begira, maite, ara aitatxo
Negarrez nola dagon ondoan
Ez dezulako ezagututzen
Berak zer senti duben kolkoan,
Oi! ... ara, ara, sentitzen dezu
Txituen pi... pi... emen auzoan?
Eta txoriak nola kantari
Dabiltzan egan zure soroan?
5
Onela ari zan aita bat, oya zenguen parean,
Onela ari zan menderatuba antsi berean,
Bere alaba mintsu zegona alai nairikan,
Aitak maitatzen duten bezela biotzetikan.
Bainan il zaio bere alaba uste gabian,
Ez du sinisten bere alaba ila dagola,
Ez du sinisten aurra mundutik joan zaiola.
Aitak laztantzen du besoetan ikusirikan
Ez dubelako entzuten berak dion itzikan,
Ta igarririk aita maiteak gorputzen otza
Urratu nai du antsi malkotan bere biotza.
Gertaturikan aingeru bat geiago zeruan
Eta maitetxo ila bere aitaren besuan!