—1891 Iurreta—

 

Duvoisin jaunaren oroimengarriari

 

Frantzisko Lopez Alen

 

              1

Iltzen danian erri bateko

Seme bat guztiz leiala,

Iltzen danian doaiz beterik.

Astutzen ez da inola!

Baizik goitzen da aren oroitza

Maite maiterikan nola

Amak aurrari nai dion gisa,

Intza soroak bezala,

Txoriyak bere arbola eta

Nekazariyak etxola.

 

              2

Nik nai dizutan gauza donkitu

Ez da urrez estalia,

Ez da koroia arri fina dun

Aberats dizdizaria,

Nere gogoak eskeingo dizu

Malkoaren itz eztia,

Saminak senti duben antziya,

Pake santu naigarria,

Ume zurtz batek egingo luken

Bezin kantatxo tristia.

 

              3

Baina... ez! zaude! askotan negar

Barrenak eginagatik,

Askotan ere penak berekin

Atsegin dauka nazturik,

Bestela nola mundua igaro?

Begira baga tartetik

Marinel gisa gaixoak nola

Eriotzaren ondotik

Ikusten duben odoi urdina

Bendabalaren atzetik!

 

              4

Ez gininduke penak ainbeste

Menderatuko lurrean,

Gure bizitza balitz loreak

Izaten diran moduan;

A!... zergatikan sartzen danian

Lore bat igarturikan

Badakagu, bai, beste bat ura

Bezin ona sarjindikan,

Bainan gizon bat iltzen danean

Guztiz ernea... Inondikan!

 

              5

Gaur edo bigar diyotenean

Euskal erriko kondairak

Adiarazten asirik bere

Seme argien doaiak,

Ta diranenan arkitzen gero

Beste gizaldi berriak,

Ta banaturik lurretik gaurko

Bizirik gauden guziak,

Duvoisin zein zan jakinduko du

Beti euskaldun erriak!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus