1890 Maule
Kantu berriak 1890an
Joanes Oxalde
Airea: Ikhusten duzue goizean, argia hasten denean...
1
Lurreko ene bizia nola dudan guzia
Esplikatzen naiz hasia,
Mundu huntara izatu bainaiz gauza tipitik jautsia,
Han zen jaunaren grazia hartaz izan naiz hazia,
Ait'amer berak utzia.
2
Ene ait'amek hasteko kargua zuten hazteko,
Jainko legean ezartzeko,
Egin ahalak egin dituzte ni gizon atheratzeko,
Hetan etsenplu hartzeko jaidura txarrak uzteko,
Etzautala dolutuko.
3
Bainan nik guziez irri ez nuen behatu nahi,
Heien erran zuhurrari,
Txorien gisa lumatu gabe bainuen airatu nahi,
Trufatzen nintzen orori ohartua munduari
Hartara nahi orori.
4
Gazterik nintzen airatu, xorikeria maithatu,
Gogoa hartan baratu,
Gaztetasuna behar baitugu, zoin gure aldian jastatu,
Eztut nik hainitz gozatu laster bainuen trenkatu,
Sokak nau lephotik hartu.
5
Gazterik lothu sokari ez nuen bertzerik nahi,
Baizik kargu eder hori,
Handikan hunat nekhe guziak ene gainerat erori,
Lothu nintzan bihotzari eta hobendun neroni,
Ezin mendeka nehori.
6
Zer egin dudan munduan atxiki ditut buruan,
Emaiteko liburuan,
Hogoi eta hamalau urthez egotu naiz zerbitzuan,
Fidel gobernamenduan arranda nai dut eskuan,
Jin baitzaut behar orduan.
7
Arranda horren aldetik orai ez duket eskasik,
Gainerako hau eztakit,
Ethorkizuna eman behar dut begien bixtan lehenik,
Ene adina batetik eritasuna bertzetik
Zahartzeak ez du deus onik.
8
Orai ari naiz zahartzen gorphutza mendratzen,
Lurrak nau bere ganatzen,
Oren guziez ene bizia bethi hobirat hurbiltzen,
Zautanian gogoratzen bihotza zaut erdiratzen,
Azken oren hak lotsatzen.
9
Ene azken orenian herioa heldu denian,
Justu izanen naiz agian,
Ama Birjina jar dakidala ene arimaren guardian,
Jaun ona bertze aldean kurutzea bien erdian,
Jujatuko naizenian.
10
Orduko jujamendua arima badut justua,
Oi zer kontsolamendua,
Jainko jaunak emaiten badaut guzien barkhamendua,
Gozaturen dut zerua berak hitzeman tronua,
Sekulako deskantsua.