1889 Doneztebe
Amerikatik
Klaudio Otaegi
1
Nere etxe txuri maite maitea
Zuaitz tartean zaudena,
Ingurumari guziko lurrak
Mendean daukazkitzuna,
Biotz txokoan daukazkit beti,
Nere sortetxe kutuna!
2
Gogoan ditut zure sukalde.
Larats, gela ta ganbarak,
Tegi, abere, zakur txitoak,
Eta lanerako tresnak,
Pilotan nere aurtasunean
Aritzen nintzan paretak.
3
Etzait aztutzen ezkon-berrien
Leioko gurutz xuria,
Sukal ondoan arkitutzen dan
Gelako nere kabia,
An utzi nuan errosario
Lurdestikan ekarria.
4
Gogoan dauzkit auzoetako
Aitonak nola ziraden
Ipui kontari atal-aurreko
Aritz azpian bildutzen;
Nola oi ziran neska mutilak
Soinua jo ta dantzatzen.
5
Etzait antziko etxaburuko
Zumardi eta larrainak,
Non igandero zuten bilera
Etxekoandre zuzenak,
Pozez begira nola jostatzen
Ziran biotzeko aurrak.
6
Eta gero an soro ertzeko
Udare, sagar, maastiak,
Pikuak eta kereiz anpoilak
Txingarra bezin gorriak,
Usai oneko bedarrak eta
Pinpilinpausa txuriak.
7
Zenbat zorigaitz nere etxe txuri
Polita utzi ezkero!
Nork lezakean egin egaaka,
Itsas zabala igaro,
Eta antzinako kabi txuloan
Egin lo berri berriro!
8
Fedea epel, Esperantzik ez,
Iskinka Karidadea,
Bene benetan diot esaten,
Nere amatxo maitea,
Orko taloa emengo ogia
Baina dala askoz obea.
Eskarmenturik ez duten aek
Sinistu nai ez ordea...!