1887 Azkaine
Haur kausitua
Martin Arrupe
Airea: Itsasoa zabala, ondoa behera.
1
Zoin othe dut nik Aita, zein othe dut Ama,
Hori jakin nahiak mundutik narama,
Zein higuingarria, hain lotsagarria baita nere fama,
Tristura huntarik nola sendatzerik ez dezaket asma.
2
Aditu nuenean seigarren urthean
Kausitu nindutela ur hegi batean,
Sekulan geroztik ez da sosegurik ene bihotzean,
Etzen hain zaila lurpean sartzea memento berean.
3
Aita ere bai, bainan Ama gehiago,
Haren bihotz gogorraz harriturik nago,
Hanbat alimale gaiztoenak ere dire hobeago.
Munduan bertzerik ez dute umerik baino maiteago.
4
Aita, zurea othe da edo Amarena
Zoinek izan zinduten falta gehiena,
Ai! Aita tristea, ni beldur zurea zela hastapena,
Beraz zure gatik sofritu behar nik hunenbertze pena.
5
Menturaz sorthu gabe ninduzun ukhatu,
Ene Ama ez nahiz emaztetzat hartu,
Denbora berean haren bihotzean etsaia zen sartu,
Harrek lagundurik, arima galdurik, ninduen botatu.
6
Biziaren tristea bethi pensaketan,
Dakidalarik segur enetzat kaltetan,
Egun bakhotxean desira berean, gauaz ametsetan,
Jauna, ni baitharat pazientzia bat zure ohoretan.
7
Zareten bezalako ene burhasoak,
Herra zuen gaizkiei zer ondorioak.
Bat edo bertzea, hola gertatzea, hain flako zoroak,
Ama zure gatik ditut gehienik sofrikarioak.
8
Ahantzia nauzula, nik ez dut sinhesten,
Bainan agertzea ez zare atrebitzen.
Bai etsaien lantzek kolpatu bihotzek lan dute sendatzen,
Ene arabera zuri kolpe bera baitzaitzu gertatzen.
9
Eritasun handia, zer da handiago,
Izanen ez den gauza, pentsatzea baino,
Gaitz horrek hartua, ezin sendatua, nola ni bainago,
Burutik utziak banitu guziak, nuke hobeago.
10
Adios, Aita Ama, bihotze gabeak,
Etsaiaren esklabo zareten tristeak,
Azken orenetan nigar marrasketan gure doloreak
Nola harrapatu behar othe gaitu eternitateak.
11
Oraino ere, baldin bizi bazarete,
Aithor humil bat egin, hobe zindukete,
Munduko loriek, atsegin guziek fina hurbil dute,
Zuen huts handiez, oren lazgarriez ikhara zaitezte.
12
Urrikia sar dadin zuen bihotzetan,
Gomendatzen zaituztet ene othoitzetan,
Denboraz balia, miserikordia ardiestekotan,
Bekhatu gorderik, urriki gaberik ez da zeruetan.