—1886 Urnieta—

 

Laboraria eta haren semeak

 

Agustin Etcheverri

 

Airea: Norat hari zira adiskidea.

 

                      1

Laborari zaharra alhorren erdian

Hurbildua jaustera, ondikotz! hobian,

Bateratzen tu haur hek bere aitzinean

Eta zaiote mintzo solas huntantxean.

 

                      2

Sekhulan, ene haurrak, ez sal onthasuna,

Gure arbasotarik ethorri zaikuna,

Eltze-itsu bat urhe baita hartan dena.,

Haitzurraren menean gorderik dagona.

 

                      3

Nontsu ez dakit, bainan ez har enganioz

Hatzemanen duzue, lanaren medioz,

Higi maiz zuen landa irauliz eta joz,

Ez utz bazterra sasi uzta egin geroz.

 

                      4

Aro onari segi, gan mugaz lanetan,

Artha handia hartuz hazi landaretan,

Bethi labora eta bethi lurra harro,

Zer kausi dirozuen jakinen da gero.

 

                      5

Oraino haur maiteak, erraten diote:

Ostatu plazetarik begira zaitezte.

Mundu peko hauziak utzirik aparte,

Etxolako bakhean gozatuz zoazte.

 

                      6

Aita gan, haurrak landan, erne goiz-goizetik,

Alhorrari lothuak dabiltza hazkarrik,

Ez dute largatuko haitzurra eskutik

Argitzen ez duteino izarrek zerutik.

 

                      7

Lurrarekin borhoka, uda eta negua,

Bazter guzia dute baratze bihurtu,

Uzta ere da gero hainbertze gainditu,

Non etxola baitute beharko handitu.

 

                      8

Eltze-itsu gorderik landa pean etzen

Bainan aitonak ongi asmatu zioten,

Lanean hariz dela onthasuna biltzen,

Lana baita urhea, orai eta lehen.

 

                      9

Zerentzat gan herritik amets urrezkotan,

Nolazpait higatzera mundu berrietan?

Lanean bermaturik urhats zuzenetan,

Urhe franko badaite hemengo lurretan.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus