—1884 Sara—

 

Uso saretan atzemana

 

Piarres Ibarrart

 

                      1

Sorthu naiz ipharrean, udaren hastean,

Uso ume bakharra ohantze batean;

Ait'amek naute hazi lumatu artean,

Zoriona gozatuz hiruek bakean.

 

                      2

Mundurat agertzean biluzia nintzen,

Amattok luma pean ninduen berotzen;

Hazkurriaren biltzen aita zen ibiltzen,

Nork erran ni ttipian zonbat gosta naizen?

 

                      3

Gaztegi nuen egin ohantzetik jauzi,

Lagunen sinhesteak daut eginarazi,

Sasirat erortzea nuen irabazi,

Amaren bihotzmina ordutik zen hasi.

 

                      4

Ume zentzu-gabea, zer zautzu gerthatu,

Ongi lumatu gabe nahiz hegaldatu?

Ez da behar mirua gidaritzat hartu,

Ez bertzen erranari sobera fidatu!

 

                      5

—Zure hegalak aski luzatu orduko,

Osto eror denbora zauku ethorriko,

Ipharretik hegora gare airatuko,

Ni segituz ez zare bidean galduko...

 

                      6

Amari eman hitza nuelakotz hautsi,

Eskual-Herrian nintzen saretara jautsi,

Handik hegaldatzea ezin ardietsi,

Ihiztari zaharrak nau kaiolan hetsi.

 

                      7

Han nindagon orduan nigar saminetan

Biziaz etsitua, ikara zainetan,

Amarekin beharra aldaxka gainetan,

Sarthua ondikozko presondegietan.

 

                      8

Iguzkia zenean bixtatik aphaldu,

Ihiztariak zuen athea zabaldu,

Lotzera zohalarik nuen enganatu,

Eskuaren azpitik zalhu eskapatu.

 

                      9

Zonbat uso oinezko, hegalik gabeko,

Ihiztariak aiher hetaz jabetzeko!

Kasu egin dezaten ez naiz ixilduko,

Bertzela saretara tuztela bilduko...

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus