—1882 Sara—

 

Euskaldun baten arrenkurak

 

Klaudio Otaegi

 

                1

Zorigaiztoan nintzan etorri

Ai, nere ama biguna,

Ainbeste laztan, aritz intxaur ta

Gerezi azpian emana!

Urez onontza, zentzu gaberik

Berorren konseju ona

Duzun nai ezik, lajaturikan

Mundu bazterrik onena.

 

                2

Mendi oriek utzi ezkeroz

Ez det izandu pakerik,

Inon arkitu ez dedalako

Nere erriren antzekorik:

Zoriontasun paregabeak

Or nenkarkien, ama, nik

Emen ez dago galgiroa ta

Desengainua besterik.

 

                3

Orko ispligu erremeroak

Duten usaiaren ordez,

Mendi orritsu, zelai berdetan

Zeru osgarbiren partez,

Belar pozoiak, egoaizeak,

Lainoak.... ezer onik ez,

Arkitzen dira, inoiz aztuko

Ez diranak nere ustez.

 

                4

Baleki zenbat neke irago

Ditudan dagoeneko!

Seguru nago ez lituzkela

Inondikan sinistuko:

Gose egarriak, izurri minak...

Denak esan, zertarako?

Izandu bitez egin ditudan

Oker danak zuzentzeko.

 

                5

Kaiolatik itsuri egin

Zuten txorien gisara,

Zenbat, ai ama! ezin bizirik

Gabiltz ara ta onara,

Pensamentuak utzi ginuzen

Sukaldetara begira!

Sinistu beza, orko doaiak

Zerutik jetxiak dira.

 

                6

Parre gozo ta zoragarriak,

Negar biurtu zazkigu,

Fedez beroak ekar ginuzen

Biotzak sekulako oztu;

Denbora garbi ederraren truk

Ekaitz gogorrak agertu,

Zenbat soineko txuriren ertzak

Dituztenak, ai! zikindu.

 

                7

Barkatu bizait, arren barkatu,

Ama, nere utseginak,

Ekar nituen utsirudiak

Dira aizeak eramanak:

Ematen badit itzulitzeko

Dina diru gure Jaunak,

Or nau berriro iragotzen

Lenagoko egun onak.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus