1881 Irun
Iltzen bazaigu ama euskera, euskaldun ilak gera!
Antonio Arzak
1
Zer ikusten det urruti artan
Biotza pusketan joanik?
Zer ekaitz ilun ikaragarri
Dator euskaldunak andik?
Ai, esatea libre banuke
Esango nuke, bai, pozik,
Baina penetan bizi gaitean,
Supri dezagun ixilik!
2
Ixilik atzo, ixilikan gaur,
Ixilik bigar eta etzi,
Ixilik beti, kantatutzea
Ez degulako zilegi;
Ordu txarrean gure artean
Ginalako, ai, berezi,
Anaiak bear genduelarik
Len, orain, gero ta... beti!
3
Naigabe pisu leor-leor bat
Doakabe ark dakarkit,
Negar egin nai, baina malkorik
Bat bakarrik ez datorkit;
Len ixuriak ditut guztiak,
Dar-dar gorputza dabilkit,
Eraso beltza badator eta
Euskal-Erria... zabilzkit!
4
Lengo oitura miragarriak
Zar eta maitagarriak,
Gure aitonen aitonetatik
Jaunak guri biraliak,
Denbora joanik beti berriak,
Beti txit arrigarriak,
Nora dijoaz? Nola ta noizko?
Au lotsa, anai maitiak!
5
Gure semetxo eta aitonen
Erdian gaude jarriak,
Aek seaskan, oek zerutik,
Guri begira guztiak;
Eta guk norontz geren begiak
Daukazkigu ipiniak?
Zorigaiztozko lotarki batek
Dauzkigu oso itxiak!
6
Gauza tristea, paregabea
Da gaur nere dolorea:
Semeak aita ikusten du ta
Aitak ez berriz semea!
Al balitz aitak gaurko egunean
Seaskara begiratzea,
Izango luke bere biotza
Su bizi baten labea!
7
Baina itzali zuen su bizi ura
Etsaigo negargarriak,
Minak izanik esan ditzagun
Garbi ta soilik egiak;
Euskal biotzak sentitzen ditu
Eriotzaren sugarrak,
Odol-ustu zan, au nere mina,
Nere erritar laztanak!
8
Euskal Erriko semeak, esna,
Altxa gaitean gaur bertan,
Ara aurtxoak guri begira
Seaskatxo otz-otzetan!
Ama non degu, Ama euskera?
Ara an txokoan, penetan!
Iltzen bazaigu ilak gera ta
Ilak aurrak seasketan!
9
Bai, gure Jauna, il bitez orain
Ama ez ezagutzekotz,
Gu bezelako esker gaiztoko
Seme txarrak izatekotz,
Gure legea, paregabea,
Oinperatzera jartzekoz,
Berak galdurik beren Amari
Bizia galtzen uztekotz!
10
Guk, gurasoak eta semeak,
Gaurko euskaldun erbalak,
Zer erakusten diotegu? Ai!
Non dira euskal oiturak?
Eraso beltza badatorkigu,
Azitzen datoz aurtxoak,
Oitura on aek badaramatzi
Berekin Ama gaisoak!
11
Gu, gurasoak eta semeak,
Zentzu apurrik gabiak,
Euskal izkuntza eta oituren
Galtzaile lotsagarriak.
Bereak ditu gure animak
Sekulako lotarkiak?
Etzaituzte gaur esnatu bear
Amaren azken antsiak?
12
Ezta batere! Ezta batere!
Il bedi triste beingoan:
Ez gerade gu bere semeak,
Ez gaude euskal lurrean!
Au esan eta odei lodiak
Agertzen dira zeruan,
Eta aurtxoak joan nai luteke
Amon onaren kolkuan!
13
Ama joan zaigu, baina umeak
Emen gelditzen zaizkigu,
Ai dira anditzen eta erasoa
Alderatzen datorkigu;
Odei lodiak, beltz-beltz eginik,
Argia digute kendu,
Eta dunbotsa turmoiarena
Nunbaitik aditzen degu.
14
Kantauriako kosta guztiko
Itsasoaren orrua
Dator ondoren, irentsi naian
Euskal-Erri izandua,
Garaintzi nairik mundu danari
Jaunaren lege santua,
Zeinek danari esaten dion:
"Onra zazu gurasua".
15
Aur txiki aek gizon eginik
Biurtzen zaizka aitari,
"Aita gaiztoa esan diote,
Utzi zenion amari!
Saldu gaituzu, zu galdu zera,
Orain negarrak ugari,
Bazenekizun, aita gaiztoa,
Etzinala ondo ari".
16
Bai! Atzo il zan ta gaur emen dator
Eraso beltza gainera;
Bein damutu ta piztu zenduen,
Joan zinan berriz atzera.
Urte oetan ibili zera
Bein batera, bein bestera,
Baina azkenik il zaigu eta
Goazen guztiok lurpera!
17
Aizea ere usteldu da ta
Ezin arnaserik artu,
Aita-semeak lurra jo dute,
Nai baina ezin altxatu!
Estutzen dira, aitak orduan
Nai tu semeak salbatu,
Eta semeak madarikatzen
Aita nai dute urratu!
18
Odeiak ontan lertzen dira ta
Negarrez dago zerua!
Euskal-Erria izandu zana
Beltzez jantzia, galdua!
Esker gaiztozko bere semea,
Len gozoro bizitua,
Il nai ta ezin il zorrotz batekin
Damuak arantzatua!
19
Ai! Lurrak berak du Ama il ura
Guk baina geiago maite,
Ama ark onra eman ziola,
Beste Lurrak badakite;
Joan nai du, bada, arren atzetik,
Urak estaldu lezake,
Sar bedi bada Done-Joanetik
Santander jotzera arte.
20
Diz-diz tximistak, marru turmoiak,
Orro itsaso ederra,
Estal ditzazu euskaldun lurrak,
Etsaigo gaiztok galduak;
Adio orain, agur betiko
Atsekabe emengoak,
Barkaturikan Berarengana
Gora gaitzala Jainkoak!