—1881 Irun—

 

Lore igartua

 

Biktoriako Iraola

 

                1

Baratz berdeko lirain polita,

Usai gozozko loria,

Atzo zenbaiten deseoa ta

Gaur igartuta lajia:

Urruntasunak zauzkan ezkero

Orla galdutzaz botia,

Zure merio sentitutzen det

Biotza penaz betia.

 

                2

Xori xiki bat bezin alegre

Etorri zinan mundura,

Txortentxo melar berde batetik

Jostailu baten modura:

Zure orduko preskotasuna!

Zure orduko itxura!

Gogoratzean beti sartzen zait

Tristetasun bat petxura.

 

                3

Galaz jantzita guztiz suabe

Mugitzen zinan aizetan,

Dama gazte bat bezin airosa

Udaberriko goizetan;

Uriztatua doai aundiaz

Egun sentiko intzetan,

Baina gaur penaz jartzen naiz zutzaz

Oroitzen naizen denetan.

 

                4

Lore polita zinan denboran

Zenbait gustora begira,

Zure kolore pinak ikusten

Gelditu izandu dira;

Dizdiz eginaz perlaren gisa

Eguzkiaren argira,

Baina lengoko zure dizdizak

Ezer gelditu ez dira.

 

                5

Betiko galdu zaizkizu lengo

Edertasunen indarrak,

Gabaz ez dizu argi egiten

Ilargi eta izarrak;

Ez dizkizu nai intzak gozatu

Goizetan osto igarrak,

Denak jiraka or darabilzki

Lurrean aize iparrak.

 

                6

Penaz biraltzen diran bezela

Sentimenduak aizera,

Zu berriz beti usai gozoak

Emanaz bizitu zera:

Zure doaiaz orla gozatzen

Aditu ere bazera,

Eskergabeak oinperatua

Azkenerako iltzera.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus