—1878 Sara—

 

Larrungo mendia

 

Agustin Etcheverry

 

Airea: Gernikako arbola

 

            1

Nahi lukenak egon

Bazterrei begira,

Jan dadila behin

Larrungo mendira.

Ez da nahi baduzu

Gora den kadira

Bainan handik behatuz

Inguru guzira

Ezin sinets ahala

Lekhu ageri da.

 

            2

Uda alderat geroz

Larrungo mendiak

Egun guzian ditu

Bisita berriak,

Han deskantsatzen dire

Ikhusketariak.

Largabixta luzetan

Hedatuz begiak,

Handik ikhusten tuzte

Urrungo herriak.

 

            3

Larrundik zoin den eder,

Goiz egun xurian

Eguzki altxatzea

Distira guzian!

Ikhusten dire urak

Zilhar idurian,

Hainbertze herri xuri,

Haranen erdian.

Oi! zer begien besta

Larrungo mendian!

 

            4

Liho pezaren pare,

Guziz da ederra

Larrundik ageri den

Itsaso bazterra.

Hainbertze arrantzale

Untziz dabiltzala.

Hetako marinelek

Larrunen bizkarra

Hain maite dute nola

Norteko izarra.

 

            5

Larrungo harroketan

Ez da agorterik,

Ithurria sortzen da

Zilho orotarik.

Guti daitake ere

Ur hobeagorik,

Bada hurrupatzaile

Belhaunikaturik,

Edateko baitire

Bordele utzirik.

 

            6

Berriz ez aipha Larrun

Bazka harrietan:

Zonbat Larrungo harri

Dorre zubietan!

Ez baita biziotsa

Nihoizko urtetan.

Ere, abere batek

Larrungo bazketan,

Notha guti dakarke

Gibel-erraietan.

 

            7

Famatua izan da

Larrungo kapera,

Zoinetan apeztto bat

Bizi baitzen bera.

Saratarrentzat hura

Zer argi ederra!

Bozik igaiten ziren

Zerbeit ikhastera,

Jatekoz kargaturik

Larrungo gainera.

 

            8

Zeru zolaren eta

Lurraren artean,

Zer bakezko lekhuia

Larrungo gainean!

Zer gerlako lekhua

Denbora berean!

Zonbeit gerlari handik

Mende hau hastean

Larrun ereman zuten

Beren bihotzean.

 

            9

Lehen Larrun bere

Lau herri maiteak,

Urtetik bazoazkon

Sinestez betheak.

Han ziren, han ikhusten

Fedezko jendeak,

Kaperarat bilduak,

Lauen gurutzeak,

Handik ziren egiten

Zerurat galdeak.

 

            10

Larrunen lau herriak

Mugen arabera

Dire: Urruña, Sara,

Azkain eta Bera.

Sararen egiazko

Geriza da bera;

Biltzen zauzkon galernak

Gaineko parera

Larrunek bolhatzen tu

Saraz bertzaldera.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus