—1878 Sara—

 

Xori zaintzailia

 

Martin Arrupe

 

Airea: Xori papo gorria udan da kantari...

 

                    1

Akhabo ene egun loriagarriak,

Orai egon beharko ilhunik begiak,

Ihesi egin deraut kaiolatik xoriak,

Zer ondorioa ene flakeziak.

 

                    2

Xoriaren baithan naiz sobera fidatu,

Aldi batez athea ez nion zerratu,

Bai eta hura laster kanporat atheratu,

Xori zaintzaileak egizue kontu.

 

                    3

Ene flakhezia dut nerorrek aithortzen,

En faltaz hari naiz nigarretan urtzen.

Etsaiarekin aski ez nintzen gudukatzen,

Zenbat othe gare, gure gatik galtzen.

 

                    4

Arratsetik goizerat hau nahi gabea,

Horra zer den etsaia behin nausitzea.

Zoin alde guan othe da gure xori maitea,

Nik zerratu faltan arthoski athea.

 

                    5

Galtzea ez zen aski, ez jakin berririk,

Guti da nik kurritu ez dudan lekhurik.

Eta ez dakit nonbait othe dagon gorderik,

Hura galduz geroz ez dut sosegurik.

 

                    6

Horra beraz xoria, ene gatik galdu,

Pena handiagorik nehork ez ahal du.

Ez nuen nahi eman ez eta ere saldu,

Gure ihiziak fin gaixto egin du.

 

                    7

Menturaz kolpatua, menturaz da hila,

Nik norat goan behar dut xoriaren bila.

Airetan ere ez zen zonbeit bezin abila,

Bizi bada ere, nola othe dabila.

 

                    8

Ene xori maitea, ezin khen burutik,

Ez non den ez nola den batere ez dakit.

Oi zer bozkarioa, heldu balitz nonbaitik,

Ene zorionak ez luke parerik.

 

                    9

Nahia badut bainan esperantza guti,

Pena hainitz darraio oren gaixto bati,

Lehen burua gora bezin orai beheiti,

Ahalgetan bizi beharra dut bethi.

 

                    10

Batetik desohore, bertzetik kaltea,

Zer pena gisa huntan xori bat galtzea,

Hau da hau eskandala eta gaizki dorphea,

Alferrik dut orai nigar egitea.

 

                    11

Egia hainitz bada erran zaharretan,

Kargua karga hori entzun dut bortzetan,

Manatzailea baina egilea askotan,

Hainitz urrusago dela mundu huntan.

 

                    12

Xori zaintzaile horrek ama bat iduri,

Soberaxe fidatu zen bere haurrari,

Galdu duen ondoan, eman da nigarrari,

Haren urrikia, orai berantegi.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus