—1878 Sara—

 

Artzaina eta bere gasnak

 

Larrondoberri

 

        Den berria, den zaharra,

Huna kondera bat, ez txarra,

Ez hala-hulako errana,

Baina zentzu handia daukana.

Behialako egunetan

Aldudeko mendietan,

Bazen artzain famatu bat,

Naski ez baita hanbat

Orai halakorik,

Ez eta idurikorik,

Izen zuen Arkulo.

Gauaz ez egunaz etzuen egiten lo,

Edo guti bedere,

Batzuk zioten ere,

Etzuela lorik

Begi batez baizik.

Jausten zen menditik igandetan

Mezara eta jateko-ketan.

Behin hala eldu zelarik,

Bizkarra gasnaz betherik,

Jausten da patar bat behera,

Gero igaiten bertzera,

Gainera heldu deneko,

Izerdia darioko.

Behar duela hats-hartu,

Karga lurrera ematen du,

Baina ematean lurrera

Hor doa gasna bat gain-behera.

Min zitzaion Arkulori

Han uztea gasna hori.

Gure artzainak bazuen izpiritu,

Etzuen bere gasnaz etsitu,

Zer egin ordean? hau? hori? hura?

Azkenekotz heldu zaio burura,

Hainitz asmu duenean erabili,

Behar duela bidali

Gasna galduaren bilha

Bertze bat gogor eta biribila.

Bat hazta, bertzea hazta,

Bazuen ezik non hauta,

Hartzen du bat, segur ez ustela,

Eta mintzatzen zaio hunela:

"Gasna maitea, habil beheiti,

Erakartzera laguna goiti,

Bidean ez ibil jauzika,

Bainan emeki pirritaka,

Beldurrez hauts dezakan burua,

Hartaz nik baituket damua".

Nola erran hala egin,

Igortzen du gasna. Gasna badoha arin,

Bai, artzainak ikusi zuen goaten,

Ez ordean gibelerat itzultzen.

Ez biak, ez bat ere.

Etzuen etsitu halere.

Traba zerbaitek othe zaduzkan bidean,

Hirugarren bat igortzen du kuxean.

Hau ere nonbait gelditu.

Bidean othe zen eritu,

Arkulok igortzen du bertze bat,

Egin zuen hunenbat eta hanbat,

Non azkenekoz zakua

Gelditu baitzen hustua,

Eta gasnak joan pusketan urera

Hango arrainen hartera.

Orduan Arkulok buruan min...

Berantxe! etzen gehiago zer egin.

Nora dago solas hunen aria?

Hunek erakusten du jokolaria,

Zeinak galtzen badu urhe bat jokoan,

Ez baitu etsitzen berehalakoan.

Galdu atzeman nahiz

Arriskura doha berriz,

Bethi berotuz dihoa,

Azken sosen adioa,

Ikusi duken artekan,

Eta ordu hartan,

Urrikiak alperretan.

Zuhurra dostatzen da negurriz,

Diru guti jokotan igorriz,

Beldurrez geldi turin

Arkuloren berdin.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus