—1878 Sara—

 

Khilo-egilearen kantuak

 

Joanes Oxalde

 

Airea: Kaiolako xoriak alegera dira

 

                    1

Amikozeko Gilen khilo-egileak

Etxetik khendu ditu bere langileak,

        Sehi maiteak,

Zeren galdu dituen irabazbideak.

 

                    2

Ez dezake nihon sal khiloa, ardatza,

Nagusitu baitzaio galtzerdi-orratza,

        Moko zorrotza.

Ez da izertu nahi oraiko neskatxa.

 

                    3

Elhe biltzen dabila, galtxoina eskuan,

Laneko gogorikan ez baitu buruan,

        Alfer moduan,

Oihal guti emanez khutxaren xokhuan.

 

                    4

Gazte irule guti da Eskual-Herrian,

Bat ez dugu ikhusten khiloa gerrian,

        Athe hegian,

Oi, zer frendak horiek saltzeko ferian!

 

                    5

Oraino zenbait bada atso horietan

Iruten hari denik berant arratsetan,

        Bihotzminetan,

Hobek ez lagunduz behar-orduetan.

 

                    6

Askotan altxatzen da amasoren botza,

Bainan ilobak ez du hartu nahi ontsa,

        Lanerat lotsa!

Arrantze gabe nahi bailuke arrosa.

 

                    7

Amak goizean oihu: Jaiki hadi, haurra,

Ez deia aski luze hiretako gaua?

        Har zan haintzurra,

Itzuli beharra dun baratzeko lurra.

 

                    8

Alabak arrapostu ohetik gostura:

Bego bihar artino haintzurtzeko lurra,

        Arte laburra,

Joan behar baitut goizik egun merkhatura.

 

                    9

Zuri galdatzen dautzut, izaba Maria,

Lakhet-lekhu othe da gaztentzat hiria?

        Hain da egia,

Harat joaiteko badut hainitz gutizia.

 

                    10

Horra nola dabiltzan oraiko neskatxak,

Lur-lanetako dira sobera beratzak.

        Oi, alfer hotzak!

Akhabo eginen du laster laborantzak.

 

                    11

Neskatxa gazte deno, itxuraz da abil,

Esposatu berrian jaunarentzat umil,

        Ondoan zarphil,

Galtzetako zilhoak erdirat ezin bil.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus