1877 Donapaleu
Xori kaiolatik ihes goan dena
Martin Arrupe
Airea: Soldadoaren paga bi sos eguneko.
1
Kaiolan nintzenean maiz nindagon triste,
Kanpoko lagunetan bainuen sinheste,
Librotasuna ona zela nuen uste,
Orai arte.
Amets, amets zoroa! hik egin nauk kalte.
2
Banuen zertarik jan, bai-eta zer edan,
Deusen eskasik etzen enetzat kaiolan,
Bainan guzien gatik nintzen errenkuran,
Banuen lan,
Aski zabalik ezin arterik atzeman.
3
Ene arthatzailea fidaturik nitan,
Athea idekirik behin utzi zautan,
Nahi nuena egin orduan ni hautan,
Lorietan,
Lagunetara laster goan nintzen airetan.
4
Lehen ni usatua lo trankil egiten,
Orai huna berri bat zer dudan aditzen,
Gau-ihizi batzuek direla ibiltzen,
Xori biltzen,
Aztaparren artean dituztela hiltzen.
5
Gabaz beldur bizian, egunaz ikharan,
Non-nahi hirriskatzen sartzea segadan,
Holakorik etzaitan burura, kaiolan
Nintzenean,
Zoin gaizkiago naizen hobeki ustean!
6
Hegalttoak oraino ditut laburregi,
Nik nola ihes egin belatx gaixtoeri?
Bertzeak bezin airos ez naiteke segi,
Laguneri,
Zer lana eman dudan ene buruari.
7
Ene hegalak aski luzatu orduko,
Uda akhabaturik negua hasiko,
Berriz uda-lehenik ez da ethorriko
Enetako.
Izotz, elhur, hormetan, nola naiz biziko?
8
Gaztea nahi bada egon segurean,
Ez dadiela eror nik egin hutsean,
Bainan asmu hoberik harturik buruan,
Deskantsuan,
Egon bedi kaiola ongi zerratuan.