1876 Sara
Xorizaina
Martin Arrupe
Airea: Xoriñoa kaiolan ...
1
Gure xoria guan da kanporat, kaiolatik,
Lagunen xistuak ditu aditu oihanetik,
Nik ez dakit,
Zer zaioen egin burutik.
2
Ene falta handia, xoriaren guatea,
Askotan uzten bainion idekirik athea,
Zer kaltea,
Fidatuegi izaitea.
3
Galtzea etzen aski, ez dakigu berririk,
Guti da guk kurritu ez dugun oihan, sasirik,
Probetxurik,
Ez dugu oraino segurik.
4
Ez aithorturen, bainan zaio urrikituren,
Orhoitzen da bai xoria, hobeki zela lehen,
Ez ginduen
Uste lan hau eginen zuen.
5
Parte eman nahi dut xori zaintzaleen,
Ez daitezela sekulan izan fidatuegi,
Xorieri.
Malhura gerthatu zait niri.
6
Malhura, eta ezin ahantzizko malhura,
Lagun txarrekin bat egin dela baidut beldurra,
Bai segurra,
Aski da denbora laburra.
7
Nik uste bere baithan dioela jadanik,
Bihotza urrikiturik, hau lana egintzat nik,
Ez da onik,
Igurikitako ni ganik.
8
Menturaz lagun txarrek kolpe eman diote
Urriki izanik ere itzulika ahalke,
Hobe luke
Berriz eskapa ez litake.
9
Nahia badut bainan esperantza xikia,
Behin eskapatuz geroz kaiolatik xoria,
Bai egia,
Hau da, hau, ene flakezia.
10
Non fida eta han gal, bai maiz egia dela,
Okasionian dena ernerik dagoela,
Ni bezala,
Flako izan ez dadiela.
11
Sobera fida baino hobe da beldurregi,
Berriz ez nuke utziren athea xoriari,
Zabalegi,
Pentsamendu hau berantegi.
12
Nere pena doblatzen, jendeak erasian,
Gure xoria othe da gorde dena sasian,
Flakezian,
Gezurra diote agian.