1875 Sara
Kantari bat
Piarres Ibarrart
Airea: Lili bat ikusi dut baratze batean.
1
Eskal herri ederra nere sor-lekhua!
Hemen ikhusi nuen lehenik mundua.
Nahiz handitarik ez naizen sorthua,
Jaunak aberaski nau emanez kantua.
2
Argia urratzean goizetan jaikirik,
Jainkoa othoizten dut belhaunikaturik,
Othoi ez dezan igor zorigaitz ilhunik
Nere kantua ixil ahal dezakenik.
3
Nor da aski aberats gizonen artean
Ni bezain urus denik lurraren gainean,
Kantuz eta lanean umore onean,
Jainkoa zerbitzatuz bihotza bakean.
4
Itzal ilhun zenbaitek nautenean hartzen
Kantuaren medioz ditut aldaratzen,
Zorigaitzen lekhuan zoriona sartzen,
Oinhazerik minena bihotzetik khentzen.
5
Nere deskantsuaren hartzera gan eta
Ardura entzuten dut errexinoleta.
Kantarien errege, kanta zazu, khanta,
Zuk gauaz, nik egunaz ez gaitezen trixta.
6
Handiak itzaletik dagozi begira,
Berantesten dutela kanta eder hura,
Bihotzetik ilkhia heien bihotzera,
Erdizkatzen diotet nik dudan plazera.
7
Xahar ile xuritu, hezur gogortuak,
Adinaren phisuaz bihotz gabetuak,
Haiek niri xorta bat, nik haier kantuak,
Gazteturik deruzkat irriz lehertuak.
8
Urzo begi urdin bat mendian sorthua,
Ihiztariek ezin saretan sarthua,
Egin diot urzoen biltzeko kantua,
Orai aldean daukat ongi lakhetua.
9
Kanta hunen gudua, huntan dut utziko,
Eta gure jaun ona bethi othoiztuko,
Beretzat hauta gaitzan eternitateko
Aingeru guziekin kantuz haritzeko.