—1875 Sara—

 

Biba Eskal Herriak eta biba gur'antzinekoak

 

Martin Arrupe

 

Airea: Gernikako arbola...

 

                      1

Kantatzera goazi zenbeit bertsu berri,

Ohore emateko eskal herrieri,

Nahi bagare bizi urus eta ungi,

Lekhu maite hautarik ez gaitezen mugi.

 

                      2

Biba Eskal herriak, biba gure Larrun,

Ez dugu bizi nahi zure ganik urrun,

Usario zaharrak imita detzagun,

Elgar haurride gisa maita eta lagun.

 

                      3

Utz beraz Amerikak, utz beraz Indiak,

Ez dire ez han ere zorion guziak,

Urrungo berrieri tapa beharriak,

Goza dezagun gure lur aitek utziak.

 

                      4

Zuek jendeketari espantulariak,

Eraman ditutzue gure gazteriak.

Horra burhasoentzat zer pena handiak,

Ez baitzituzten ustek hortako haziak.

 

                      5

Erdiek berririk ez bizi diren ere,

Hainitz burhaso hola penatuak dire.

Gizon gazteak othoi adi nazazue,

Ez zaiteztela izan holakoen pare.

 

                      6

Ohora burhasoak, ohora herria,

Ez baduzue nahi laburtu bizia,

Pausa behin bethikotz, pausa gazteria,

Zerutik ifernurat ez gaiten abia.

 

                      7

Hemen baino hobeki non duzue uste,

Edo ez ditutzue sor lekhuak maite.

Guanak diren zenbeitek orai han diote,

Espantulari txarra tronpatu gaituzte.

 

                      8

Gure lekhu maiteak bethikotz utziak,

Huna norat gaituen ekharri untziak.

Hola dire hainitzen hango erasiak,

Orai ez du balio gure urrikiak.

 

                      9

Gure aiten aitetan ez zen holakorik,

Bat ez zen aldaratzen hamar miletarik,

Behi, zikiro, ardiz, mendiak betherik,

Intres ederrak hartzen zituzten hetarik.

 

                      10

Batzuek mendietan, bertziak landetan,

Antoski hari ziren zoin bere lanetan,

Erretiratze ona igande bestetan,

Holako guti baita oraiko gaztetan.

 

                      11

Izan gaitezen beldur ethorkizunari,

Beha gure zaharren etsenplu onari,

Bainan sekulan ez da behar zuhurregi,

Adios, jende onak, zuen zerbitzari.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus