1874 Sara
Kattalin-xume
Agustin Etcheverry
Airea: Zaldi-zaharra...
1
Jende hainitzek ez du uste dakiten
Bakean hantxe bera bizi denaren
Gozoa zer den,
Beraz on da guziek bi hitzez hemen
Ikhas dezaten,
Kattalin-xume bera nola bizi den.
2
Etxe ttiki beltx eta xahar batean,
Sorthuz geroztik han da lekhu berean
Nere ustean
Ixil-ixila bethi bere lanean
Gogo onean
Kattalin-xume han da bizi bakean.
3
Ez da hanbat ederra haren etxea,
Bainan kilho-kilhoa zorrik gabea
Bere-berea,
Nola ez baithu maithe hiri-arthea
Ez jende pea
Harthakotz hauthatu du han bizitzea.
4
Kattalin-xumez asko dire trufatzen,
Bere xokoan bethi bakarrik zeren
Hola bizi den,
Bertzen irriez ez da hanbat kexatzen,
Zoroek ezen
Ezagutzen ez duthe bakea zer den!
5
Hainitzek behar dute bizi munduan
Lanean leherthuak bethi kanpoan,
Landan kaskoan,
Aldiz Kattalin-xume lekhu goxoan
Dago pausuan
Iresten xurraxun sukal-xokoan.
6
Eriz gelditzen bada bere larrutik,
Kattalin-xume badu irabazitik
Salda onetik,
Arno hurrupatto bat haren ondotik,
Hoberenetik,
Medikuak sos gutti haren etxetik.
7
Haren etxean ez da deusen eskasik,
Xuhurra izan baita ttiki-ttikitik,
Zuzen bidetik
Kutxa guziak dauzka linaz beterik
Oial onetik,
Ez da bertze zenbeiten inbidiarik.
8
Zenbat nigar ez dago nekearekin,
Gazterik familian sartzearekin
Beren haurrekin
Zerbeit ezaguturik dago Kattalin
Hain ondu berdin
Urosago bizi da bethi mutxurdin.