—1872 Sara—

 

Itsu bat

 

Piarres Ibarrart

 

Airea: Gernikako arbola

 

                      1

Hogoi eta bi urthe, adin ederrean,

Gaizkienik ahal naiz gizonen artean,

Atsegabe guziak emanik batean,

Othe litazke deusik nerearen aldean,

Munduan bizi behar bethi ilhunbean (bis).

 

                      2

Nere ait'ametarik xoilki dut aditu,

Sehaskan haur xumea nintzela itsutu,

Zeruko aitak hola nintuen dohatu,

Gau beltz huntan behar dut bizia higatu,

Egunaren argia ez dut ezagutu.

 

                      3

Zori gaitz hau ethorri behar zen nigana

Nork ez du auhenatzen nere bihotz mina,

Urosa da mundua ikhusten duena,

Jainkoak eman oner begira dagona,

Dakiena noiz diren gau eta eguna.

 

                      4

Ez da hainitz munduan ni bezala denik,

Bista galdu duenik horren gazte danik,

Haur denboran ez nuen horrelako minik,

Neretzat zorigaitza! ezagutza jinik,

Lur hau ikhusi nahiz nehon ez dut onik.

 

                      5

Baditu itsasoa, bai eta mendiak,

Argizagi, iguzki, airean xoriak,

Hainbertze gauza eder, udako liliak,

Entzuten ditut bethi guzien berriak,

Eta nik ezin heda hetarat begiak.

 

                      6

Zonbat amets ederrez gauak iragaiten,

Argitua naizela gogoak emaiten,

Ametsa zela ere ez nuen sinhesten,

Leihora noha, bainan deusik ez ikhusten,

Bihotza nigarretan oherat itzultzen.

 

                      7

Lanean hari zare, zu aita zaharra,

Bazinuke ardura bai ene beharra,

Haurriderik gabea ni seme bakharra,

Oi! ene bihotzeko oinhaze gogorra,

Nola paga dezaket zuri dudan zorra?

 

                      8

Ama, zer gurutzea duzun jasaiteko,

Zure bihotz eria nork du sendatuko,

Ni bistan aski nauzu nigar egiteko,

Ez duket zorionik mundupe huntako,

Noiz zare bada, jauna, zu urrikalduko?

 

                      9

Hasi ditudan bertsua huntan akhabatzen,

Nere leize beltzean ilhunik gelditzen,

Bihotzaren erditik othoitz dut eginen,

Bista ona guziek izan dezazuen,

Eta lur hau uztean zeruan sar gaiten.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus