—1871 Sara—

 

Soldado mobila

 

Joanes Etcheto

 

                        1

Gerlako ministroak manatu ondoan,

Hartu ditugu harmak mobilek Frantzian,

Ni ere gerthatu naiz lagunekin baltsan.

Etzen eskapatzerik: gan behar lerroan.

 

                        2

Gudukatu izan naiz mobila bezala,

Neure etsaia nuen Bismarren armada,

Ez nintzen, ez herabe, gateaz gudura,

Neure eginbidea bethe dut horrela.

 

                        3

Neure sinhestea da, zaharrek erranik,

Gudukatzea kausa justuaren gatik,

Dela eginbidetan lehenbizikorik,

Zuzen ibili banaiz ez duket kulparik.

 

                        4

Katholikoak ginen protestanten kontra,

Ziotela Jainkoa laguntzat zutela,

Hekien gobernua etzen Jaunarena,

Ezik jokhatzen ziren lehoinak bezala.

 

                        5

Heien oin-arrastoak izigarri dire,

Heien itsuskeriak nork erran ditzazke!

Jende ospe handia bilhakatu dute,

Zeruko justizia oihuz dagokote.

 

                        6

Heien sakrilejio, profanazioneak,

Ezin erran ditezke zoin diren handiak:

Hainbertze haur, emazte sakrifikatuak!

Eror dakizkotela gainerat guziak.

 

                        7

Frantsesa izan balitz oro katholiko,

Ez zuen bitoria horrela galduko,

Berekin bazituen traidorea frango,

Hori dela medio bentzuturik dago.

 

                        8

Bismarren maleziak ez du, ez, parerik,

Hedatu du dirua hiriei khendurik,

Zonbaitto pharatu da eskuak betherik.

Satanek ez du izan hoin lagun leialik.

 

                        9

Frantziaren hartzea zuen erraietan,

Penaxko egin dio utziz indarretan,

Nahi gintuen sarthu bera sareetan,

Jaunak beiratu gaitu, haren despitetan.

 

                        10

Guillomek dotatu Bismar gose hori,

Auzoko erregeri khenduz injustuki.

Oro hatzeman nahiz dabiltza klaroki,

Jauna unhatuko da agian laburzki.

 

                        11

Probintzia hartuak guri daude oihuz,

Athera detzagula gerlaz edo diruz,

Orai gudukatzeko etsaiari buruz,

Ez gare aski azkar, ez gaitezke biluz.

 

                        12

Jaunak utzi baditu gutaz nausitzera,

Ez du horrek erraiten zuzen zabiltzala,

Oraiko aldi huntan bentzutu bagira,

Bertze aldiño batez nausituren gira.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus