1871 Sara
Xori berriketaria
Jean Baptiste Elissamburu "M. Doyharçabal"
Airea: Lurraren pean sar nintake, maitea, zure ahalgez...
1
Sor-lekhua utziz geroz ondikoz bada beharrez!
Jainko ona urrikalduz bethiko nere nigarrez.
Primaderan hasi orduen arbolak estaltzen lorez,
Xoritto bat heldu da bethi nere herritik hegalez.
2
Nere gana hain urrundik ethortzean unhatua
Arbolarik hurbilena du bere pausa-lekhua,
Ardaxka goren-gorenean hara non den lokhartua,
Lumapean zango bat eta hegalpean du burua.
3
Pausa hadi, lo egizak, xori maitea, bakean!
Atzarria, ni hire zain, hemen nauk hire aldean,
Ur xortarekin huna gero papurrak leiho gainean,
Bainan gero hango berriez orhoit hadi atzartzean.
4
Orhoit hadi, bai, xoria, berri maiteko berriez,
Nere aitaz nere ama, nigarretan nik utziez,
Mintza hakit ahaidez-eta, mintza lagun on hekiez,
Mintza, nihor ahantzi gabe, maite ninduten guziez.
5
Atzar hadi, atzar bada, berriketari abila,
Ene beldur izan gabe jauts hadi hurbil-hurbila,
Erran leihoan izan haizen erradak ixil-ixila.
Izan ere hunatekoan solas ordainetan bilha.
6
Xoria, lo hagolarik, ikharan nagok aldean,
Ez ahal da zorigaitza maite nautenen artean!
Hala balitz, othoi, xoria, berriz herrira heltzean,
Loretto bat nigar batekin pausa zak tonba gainean.
7
Xorittoa joan denean hostoan eror denboran
Berriz ethor ez dadien nago beldurrez ikharan.
Ihizlaria hartzen baduk ene xoria segian,
Utzak, othoi, gaixoa libro, berriak ekhar detzadan.