1869 Sara
Kantuak Larrungo mendiari
Piarres Ibarrart
Airea: Saratarra naizela, edo: Gernikako arbola...
1
Bertsutako guduak sujet hainitzetan,
Pasatu izan dira iragan urthetan,
Eta guziz oraino Sarako bestetan.
Larruna ez da izan aiphamen hoietan,
Hoin famatua dena Heskal herrietan.
2
Larrungo mendia da zabal eta gora,
Iduri du lurretik bide erdi zerura,
Zer loria juaitea harren bizkarrera,
Leihor itsasueri beha egoitera,
Horren laudorioak ditzagun athera.
3
Mendi horren gainetik dutenek behatzen,
Oro bere azpian dituzte khausitzen.
Bi oren har daiteke herrien khondatzen,
Behin izatu dena berriz lehiatzen,
Holako guti dute nehon harrapatzen.
4
Larrun hire berria urrun duk hedatzen,
Hi ikhusten hautenak dituk agradatzen,
Untziko marinelak ere fagoratzen,
Urrundanikan haute begietan hartzen,
Eta hiri behatuz leihorrean sartzen.
5
Larrunak ohore hau etzuen izatu,
Nola Napoleonek emanikan baitu,
Mendi hau guzia du ongi inguratu.
Lehengo erregerik ez da menturatu,
Horren bihotz azkarrak parerikan ez tu.
6
Gure Enperatriza ohoragarria,
Behar guzien ama eta sokorria,
Aire ezti batekin, hortzetan irria,
Larrunen begiztatzen, zer ikhusgarria!
Iduri aingeru bat Jaunak igorria.
7
Ez dut dudatzen dela berriz ethorriko,
Gostu hartu baitzuen han lehen aldiko,
Manua eman zuen dorre bat eiteko,
Mundua mundu deno hartaz orhoitzeko,
Larrunaren gainean dago sekulako.
8
Printze gazteak ere burhasoekin,
Larrungo bidia du haurretikan jakin,
Othoitz egin dezagun orok elgarrekin,
Khorona izan dezan aitak uztiarekin,
Odol hau izan dadien bethi frantsesekin.
9
Ikhusi tuztenean Larrungo hegiak,
Bai eta leize dorphe ezin sinhetsiak,
Gero Saran zituzten, zer ikhusgarriak!
Hainitz ederrak zaizte, bai urzotegiak,
Ez baitira izanen segur ahantziak.
10
Aditzale maiteak, bertsu hau azkena,
Desiratzen dautzuet, osagarri bana,
Hori da mundu huntan beharrenik dena,
Bihotzez othoizten dut gure Aita ona,
Hil eta har gaitzala oro bere gana.