1869 Sara
Ez du sosak egiten zinezko gizona
Gratien Adema
1
Arrozoin bat aspaldi aitaxok ziona,
Ez dik sosak egiten zinezko gizona,
Gizon zinezkoak hau da dohakona
Zuzentasun garbia eta bihotz ona.
2
Aberastuz geroztik Pattin zaiku jaundu,
Bainan aberasteak ez dik hanbat ondu,
Jainkorikan ez dela haltoki erran du,
Nahikariak dio sinhestea khendu.
3
Mundua kurriturik zerbeit ikusia,
Pattin koxkorro horrek badu erasia,
Gure fedeaz trufan dena fantesia,
Ibili den lekhutan deus ez ikhusia.
4
Pattinen arrozoinak baititu sinhetsi,
Moltsa dio norbeitek berari ebatsi,
Pattin, hire ohoinak zer lege dik hautsi?
Jainkorik ez zela hik hion irakutsi.
5
Huna Aparrapio aberats zikhoitza,
Harriz ala burdinaz othe du bihotza?
Karitate, obra on, edozoin emaitza...
Aiphamen xoilak aurdik lezake hil hotza.
6
Aberatsari ala haren diruari
Agurka gehienik zoini gare ari,
Agurra zor diogu gizon zuzenari,
Dirudun den bezala bihotzdun denari.