—1868 Sara—

 

Haurra hobi hegian

 

Augustin Etcheverry

 

                        1

Atzo sortzeko hintzan, oi gaxo lorea,

Zer jadanik histu duk hire kolorea!

Ni atzo hi iduri oraino ninduan,

Eta izanik nukek sarrikotz munduan!

 

                        2

Ez daut ez min egiten lurraren uzteak,

Ene amets ederren amets ikhusteak,

Lotsatzen nauena da amaren begia,

Badakit zerentzat den nigarrez bustia.

 

                        3

Ahituz banuhala hori da seinale,

Berbera daitakela nihor laguntzale,

Oi, ondikozko zori, zori latzgarria!

Nola sendaturen da amaren zauria!

 

                        4

Sehaskan nintzalarik ene aita gan zen,

Orduan amak bere ninduen khondatzen,

Ez nintzan, ez, zuretzat orai da ageri,

Galtzen nauzunaz geroz hazi bezen sarri.

 

                        5

Ametan trixteena, etzenez, errazu,

Hobe, sorthu berria galdu baninduzu,

Ttikiago zaiteken zure bihotz mina,

Nik ez nuken senditu oinhazen eztena.

 

                        6

Atsekabe izanez bazine orhoitzen,

Hek oro elkharrekin bazintu ezartzen,

Zer itsaso ilhuna zinezake erran,

Hoinbertze jesan eta denak alferretan.

 

                        7

Zer orhoit etzarena pairatu tuzunez,

Sobra zaitut entzuten zaudela auhenez...

Ai!... oraikoan noha, uzten zaitut ama!

Zure nahi ninduzun, gaitzak banerama.

 

                        8

Orai bizkitartean, orai nintzan hasten,

Amaren mintzoari laster ihardesten,

Irri eztiz pagatzen amaren irria,

Eta jo herioa bilha ethorria!

 

                        9

Galdatzen baninduzun norapeit beharrez,

Nik behantzut? zuk hoa... nindohan lasterrez,

Mandatu egilea orai nun dukezu!

Ama ni galduz geroz zer ari zare, zu?

 

                        10

Bainan, ama maitea, erraiten zinautan

Jainko bat bazagola onen zeruetan,

Zer gaizki duket bada, nik oraino egin,

Xuxen zerurat noha, ez naiz ni gaixtagin.

 

                        11

Zeruratzearekin Aingeru naiteke,

Hegaldun balinbanaiz ikhus nezazuke,

Ama! zoin naizen urus! ez nauzu ez galtzen,

Maiz somaturen nauzu zure ganat heltzen.

 

                        12

Ez, beraz, ama ona, ez egin negarrik,

Suntsitzen naizelakoz mundupe huntarik,

Etzaitut ahantziren zeru gorenean

Non etzaren enekin ber zorionean.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus