—1868 Sara—

 

Amoinaren gainean

 

Joanes Etcheto

 

                        1

Erran dezadan amoinaz, guti egiten denaz

Liburu sakratuetan goraki altxatuaz.

Neure jakitateak ematen nauen ariaz,

Mintzaturen nuzu horren obratzeko premiaz.

 

                        2

Bai liburu sainduetan segur ikisten dugu,

Jaun handiaren eskuaz izkribatua duzu,

Gure othoitzetan ere bethi erraiten dugu,

Pobreak behar tugula bihotz onez lagundu.

 

                        3

Zinki Jesus-Kristoren anaia onak dirade,

Beharrak balinbadira Jaunak eginak dire,

Gisa hortan amoinaren dretxo handia dute,

Izandunek salbatzeko eman behar diote.

 

                        4

Izaiteak mundu huntan froga batzuek dira.

Hainitz gozatzen duenak zor duke arabera,

Guti daukanak ere hartarik eman dezala.

Horrela agertzen dugu segurki bihotz ona.

 

                        5

Alhargunaren kornadoa da segur khondatzen,

Zeruetako aberaskuen artean ezartzen,

Hori hola denaz geroz, nik bethi dut sinhesten

Zeruetan amoinaren gozoa dela biltzen.

 

                        6

Hau da liburu sainduen irakaspena hitzez,

Jesus-Christok du pobrea segitzen ber-urhatsez,

Duda gabe pisatzekotzat, balenza zuzenez,

Arimari egiten den kaltea errefusez.

 

                        7

Madarikatzen ohi du gosezko oihu batek,

Bihotz higitzen ez dena, diote liburuek

Beraz pobreri emana, badakigu guziek

Jainkoari ematen da: pagaturen tu harrek.

 

                        8

Duda gabe amoina da obretan ederrena,

Gizona du helarazten bethi zorionera,

Nola urak hiltzen badu sugarraren indarra,

Orobat du hilarazten Jaunaren hasarrea.

 

                        9

Eman dezagun amoina, bainan ez oihurekin,

Ahalaz ixiltasunean, ez harrabotsekin,

Esku eskuinaz emana, ez dudarikan egin

Esku ezkerrak ez luke behar sekula jakin.

 

                        10

Amoina egin dezagun gure ontasunetik,

Ezik Jauna zuzena da, ez da hortan dudarik,

Beraz, onhetsiren dizu, diot beraren ganik,

Gogotik ematen dena, bere gauz propitik.

 

                        11

Hainitzak behere huntan, bertzerena ebatsiz

Arranguratzen dituzu ezin onheski biziz,

Bertzeak bethi emanez, bizi dituzu aldiz,

Zeruetako laguntzak nasaiki ardietsiz.

 

                        12

Zeruetan beira dago lekhuko aberats bat,

Bihurtuko ditu ehun bakhar baten alderat.

Ukhantza handiak dira amoina emanentzat,

Bakhotxa gaiten lehia, obra eder horrentzat.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus