1868 Sara
Enperatrizari
Joanes Oxalde
Airea: Gernikako arbola...
1
Sortzez Eskualdun, soldado xorthetik,
Gerletara joan nintzen ait'amen aldetik,
Nigarrez maiteño bat herrian utzirik,
Etzuten uste berriz ikus ni bizirik...
Soldado on izan naiz, ez dut urrikirik. (berriz)
2
Lehenbiziko sua, hantxet Italian,
Frogatu izan nuen Magenta-zubian,
Lerro osoak zoazen lurrerat aldian,
Enperadorea zen han gure erdian,
Harentzat hilen ginen guziak lorian. (berriz)
3
Magentaren ondotik, gero Solferino,
Hain su bizirik ez da izan egundaino.
Gur'Enperadorea, biba zu oraino!
Han ere suharrago baitzuen gu baino
Etsaiak arras amor eman arteraino. (berriz)
4
Bolboraren lanhoa altxatu zenean
Napoleon galopan, ezpata eskuan,
Begiak erabiliz bere inguruan,
Non da etsaia, dio, joan deia airean?
Horra non den ihaurri, etzana lurrean. (berriz)
5
Erromatik entzun da oihu bat Frantzian,
Mauduler batzu dira hasi errabian,
Gure Aita Saindua bortxatu nahian.
Bainan indarra urthu laster bihotzean,
Frantziako bandera agertu denean. (berriz)
6
Erromatik Frantzian berriz sarthurikan,
Amienxen nindagon izurrite hartan.
Herioaren eztaiak jastatu tut nik han,
Harekin hari ginen guziak borrokan,
Batzu hil zireneko, bertzeak khorrokan.(berriz)
7
Bere palaziotik entzunik berria,
Huna Enperatriza, zalhu ethorria,
Eriz eri dabila... zer ikusgarria!
Iduri aingeru bat Jaunak igorria,
Zure ganik zenbatek ez dugu bizia. (berriz)
8
Sei urtheren buruan, jin zautan orena,
Aspaldian Jaunari galdatzen nuena,
Ene herri maitera naiz alde-bat jina,
"Urtzo, begi urdina, hain fidel egona,
Orai aldean zaitut espos hein bat ona!" (berriz)
9
Haurretik maithaturik Jaunaren legea,
Bethi baliatu zait prestu izaitea;
Ongi zerbitzaturik Enperadorea,
Badut ohore frango, badu gurutzea.
"Bide beretik habil, hi ere, gaztea!" (berriz).