—1867 Sara—

 

Mehetegiko xakurra

 

Gratien Adema

 

            1

Mehetegiko xakurra,

Zangoz, errainez makhurra.

Berga bat luze muthurra,

Larrutik hurbil hezurra,

Urthe guzia barura,

Zeren zen toki xuhurra.

 

            2

Amak ttikitik utzia,

Esnerik gabe hazia,

Tripa errainei josia,

Uliek jaten hasia;

Xurikok bere bizia

Hola derama guzia.

 

            3

Mahainpetik kokoriko,

Begira dago Xuriko,

Artho axaltto bat noizko

Othe zaion eroriko.

Nausiak ematen daizko

Doan hortik bi ostiko.

 

            4

Xakhur gaixoa holakoz

Merke hazten zutelakotz,

Tripa hutsik, ilhun gogoz,

Pleinuz zagon egun oroz,

Hazka zangoz eta besoz

Nihun ez zauken kukusoz.

 

            5

Ohoinak ere noiz-nahi

Horren sainga ilhaunari

Gabaz ziren irriz ari:

"Xakhur prestua hi haiz, hi!"

Gero ixiltzea sari,

Jo harrika gaixoari.

 

            6

Egun batez baratzera

Huiatzen dute lanera,

Doan oilo haizatzera...

Xakhur gose-ta-minbera,

Buztana tripaz behera,

Ihes doa gordetzera.

 

            7

Martin etxeko muthila,

Zalu harturik makhila,

Haren ondotik dabila.

Xuriko xakhur abila

Lastoan ixil-ixila

Dago alegia hila.

 

            8

Zenbeti gau egun bakharrez

Gorde egonik herabez,

Athera zen jan beharrez,

Hamikatua, nigarrez,

Estalia zaragarrez,

Lakhastaz eta zakharrez.

 

            9

Sukaldean nihor ez da;

Sartzen da xakhur herresta.

Errekia zen prespresta,

Zeren zen herriko besta.

Usain, milik'eta jasta

Dena jaten du has eta.

 

            10

Etxeko andre khexua

Hor heldu da hats-hauntua:

"Zakhur madarikatua,

Eia, hor, usu-usua,

Nik hauts artean burua,

Egik hire ordenua."

 

            11

Ordenuak hau du beltza,

Denen uztea bertzentza;

Xurikok badaki ontsa

Nori zer utz, nola phentsa:

Etxekoandreari gantza;

Nausiari azken putza.

 

            12

Bizian gosez egonik,

Hiltzean sobera janik,

Huna Xurikok erranik,

Zer entzun dugun azkenik:

"Gose dagonaren ganik

Ez daitekela lan onik".

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus