—1866 Sara—

 

Maria

 

Jean Baptiste Elissamburu

 

Airea: Ikhazketako mandoarena.

 

                      1

Bertzek erran baitute nik baino lehen

Hainitz adituz dela hainitz ikhasten;

        Uste dut on den,

Nik dakidan bezala guziek arren

        Jakin dezaten,

Beraz aipha dezagun Maria nor den.

 

                      2

Aztal biribil eta zangar hertsia,

Eskuaren betheko zango bihia,

        Ttiki-ttikia!

Golkhoz aberats eta lerden gerria,

        Erne begia,

Nolako panpina den horra Maria!

 

                      3

Erle bat da Maria etxe barnean,

Eta landan orobat hari lanean

        Behar denean;

Aphaintzeko polliki behin astean,

        Noiz? —Igandean,

Ustai beharrik ez du soinaren pean.

 

                      4

Solas alegera bat erranagatik

Irri freskorik baizen ez dut izan nik,

        Mariaganik;

Adiskidekin ez du handitasunik;

        Bainan hargatik

Ez erran Mariari solas arinik.

 

                      5

Mariak baratzetik badu berea,

Udan eta neguan lorez bethea,

        Eta saltzea!

Bere loren artean erdi-gordea

        Gaixo maitea,

Bera da pollitena hango lorea!

 

                      6

Mariak balinbadu moltsa joria,

Merkhatura gateko badu saskia,

        Xuri-xuria,

Arroltze lau dotzena, oilasko bia,

        Salduz guzia,

Zertako den aberats horra Maria.

 

                      7

Jendek erranik ere hala-ta-hola...

Maria batzuetan, ezjakin nola,

        Goibel dagola...

Bertzetan nigartto bat jausten zaiola...

        Zer zaio axola?

Baluke nahi balu aise kontsola!

 

                      8

Igandetan Maria zinez panpina

Zapata xabalekin soin motx urdina,

        Berak egina,

Elizako bidean arin-arina,

        Mila sorgina!

Errege balinbanintz, zer erregina!

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus