—1864 Sara—

 

Ene sehia gerexaniño

 

Jean Baptiste Larralde

 

Airea: Santa Theresaren kantika

 

              1

Neskatxa bat xuhurra

Nahiz erdi makhurra,

Egun hautan dut sehi,

Net etxea altxagarri,

Parerik ez dut uste,

Baduen hainitz gazte. (bis)

 

              2

Goizetan goiz jaikia,

Aitzindurik argia,

Su handi bat du phizten,

Egur zama garbitzen,

Beraz lodi du friko?

Xokolota egiteko (bis)

 

              3

Bazterrak garbitzean

Hobeki, zikhintzean,

Hedoi herrautsezko bat

Banatzen du orotarat,

Hunen erkhatz abila

Nola nahi dabilla. (bis)

 

              4

Ene alase guzia

Da kasik biluzia,

Jadan ezta josteta,

Dozena bat azieta.

Hautsi dauzkit segurik,

Nola iraun dezaket nik? (bis)

 

              5

Basoez mintzatzeko,

Mina dut sobra fresko,

Orai, orai, tontoki,

Bat egin du lau zathi,

Bere arnoa barnean,

Zer bi malur batean! (bis)

 

              6

Nola baitut fedea

Net on dela kafea,

Kikera bat badut nik,

Ethorria Txinatik.

Atzo, oraino, supherra!

Egun non du giderra? (bis)

 

              7

Fularrak idortzeko

Ahalaz ez hixteko,

Non dituen hedatzen

Ez duzula pentsatzen?

Nola sinhets ordean?

Sutegian khepean. (bis)

 

              8

Uhearen egiten

Nekexko du ikhasten,

Bethi zangoz gorago,

Kasik dilindan nago,

Noiz othe naiz lurrera

Ganen buruz-behera? (bis)

 

              9

Horra nere neskatxa,

Gisa guziz artexa,

Balinbada erosdunik,

Salduko diot, bai, nik,

Emanen diot merke,

Merke izan baditeke. (bis)

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus