—1864 Sara—

 

Muthil-zaharra

 

Jean Baptiste Larralde

 

Aire ezagutua.

 

                      1

Bakharrik bizitzeaz unhatua franko

Xede zerbait banuen lagun bat hartzeko

Bainan orai andreak zenbat ez du behar!

Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

 

                      2

Herrunka guzietan estatua gaindi,

Egun oroz baitugu mila moda berri,

Hoinbertze gasturekin, nola menaian sar?

Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

 

                      3

Grisetek utzi dute mokanes pullita,

Ustez hobeki dohan lore-dun boneta,

Zer! boneta buruan neskatxa bat nik har!

Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

 

                      4

Sederian sarthuak, printzesak iduri,

Fu! egiten diote soin telapintari,

Horrela uste dute zenbait xoro lokhar,

Ni ez-bainaiz logale, nago muthil-zahar.

 

                      5

Handiek badakite musikan kantatzen,

Bainan badakitea botoin baten lotzen?

Dendari jornaletan zenbat urre, zilhar!

Ez, ez, nahiago dut egon muthil-zahar.

 

                      6

Mirail baten aldean, goizetik, josiak,

Han dituzte miratzen aurkhintza guziak;

Egun gauza bat eskas, bertze zerbait bihar,

Nor ez da lotsatuko? Gauden muthil-zahar.

 

                      7

Zenbat senhar munduan, gaizki gerthatuak,

Lephoraino sasian direnak sarthuak!

Orai egiten dute berantegi nigar,

Hanbat gaixto berentzat, egon muthil-zahar.

 

                      8

Ezkontzako bideak, legun eta garbi,

Urrundik begiratuz, du belus'iduri,

Bainan da hurbiletik, dena harri, bizkar,

Nola bainaiz lausuzko, nago muthil-zahar.

 

                      9

Segur da, deithuko nau, batek galai hotza,

Behar bada bertzeak harpagon zikhoitza,

Laidoen jasaiteko senti baitut indar,

Askoz nahiago dut egon muthil-zahar.

 

                      10

Oi! hauxe da mendea gizon gaztendako!

Orai andreak dire jaunen larrutzeko,

Ez othe da, diozu, xuhur zenbait bakhar?

Ez nezake zin egin, gauden muthil-zahar.

 

                      11

Hobeago zuretzat othe da zoria!

Zuri nago, neskatxa, goregi jarria?

Utzatzu sobraniak, izanen da senhar,

Non ez egonen zare bortxaz neska-zahar.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus