—1863 Urruña—

 

Lana

 

Jean Baptiste Larralde

 

            1

Zoin nahi herronketan

Garen hemen bizi,

Gabezian herrestan

Edo burjes handi

Maitha dezagun lana,

Ezta edergailurik

Harrek gisa gizona

Aphaintzen duenik.

 

            2

Egia horren frogak

Galdetzen baitutzu,

Utzirik langileak,

Alferra adi zazu:

Hunek berak aithatzen

Du gauzaren ona,

Nahiz den ikharatzen

Aiphatzean lana.

 

            3

Istoriak badakhar

Zenbait printze gazte

Zirela bazkaltuko,

Noizbait, Erroma parte;

Nola aihenjusak baitu

Bakhan hitza labur,

Luze ziren mintzatu

Xuxen edo makhur.

 

            4

Zituztenean hustu

Beren hitz-untziak,

Eta legez higatu

Erran-gai guziak,

Oraindik ixiltzerat

Uzkur, ezin bertzez

Jin ziren mintzatzerat

Beren emazteez.

 

            5

Berea gozatzeke

Bakotxa etzen nagi,

Hedoiak heiendako

Ziren aphalegi;

Nahi baitzuten jakin

Zoin zen hoberena,

Gan ziren elkharrekin

Beren andren gana.

 

            6

Guziak, bai, guziak,

Boz atsegineri,

Zauden xoro handiak

Jainkosak iduri;

Bakharrik Lukrezia,

Sehien aldean,

Heien kide jarria,

Hari zen lanean.

 

            7

Beraz, Lukreziari

Omen hoberena,

Esker bere lanari

Izan zen emana.

Oxala ixtorioa

Hor balitz gelditu.

Laster etsai gaixtoa

Ez balitz jelostu!

 

            8

Hain bertze mende dire

Geroztik iragan!

Hanbat gauza badire

Galduak ibaian!

Baina lanaren trazak

Deusek ez itzaltzen,

Alfer zaizkola urtheak

Gainetik pasatzen.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus