—1863 Urruña—

 

Nere maiterena

 

Martin Guilbeau

 

Airea: Adios, izar ederra, adios izarra.

 

                      1

Izar bat aspaldian nik dut adoratzen,

Hark bakharrik ni baithan du erreginatzen,

Hura dut xoilki munduan maitatzen,

Hilik ez dut axola ez badut neretzen.

 

                      2

Erregeren gorthetan ez da ez lorerik,

Munduko gaztelutan ez aldiz lilirik,

Edertasuna urbil dezakenik,

Ez du iduzki pean ez bere parerik.

 

                      3

Haren gorphutz lirainak arras nau xoratzen,

Haren begi eztiak bihotza xarmatzen;

Ederragorik ez dut ezagutzen,

Aingeru bat daiteke, ez dut, ez, dudatzen.

 

                      4

Oi, lore xarmangarri! Oi lore samurra!

Zu zare, zu, munduko izarren izarra.

Distia zazu aingeru ederra.

Zu zaitut maitaturen, oi maite bakharra!

 

                      5

Gizona desterruan ez da, ez, zahartzen,

Sor-herriaren minak laster du bentzutzen.

Zu gabe ni naiz orobat kausitzen,

Hilen naiz ez bazare nitaz urrikaltzen.

 

                      6

Nere ametsak zutaz dirade ardura,

Atzar-eta zu eskas, oi nere hestura!

Zurekin segur ninteke goihena,

Ez nazazu utz, othoi, xangrinez hiltzera.

 

                      7

Gauaz hala egunaz bethi gogoetan,

Ardura niagozu kantuz nigarretan,

Zutaz orhoituz nere planuetan

Zure izen eztia daukat ezpainetan.

 

                      8

Primaderako lili parerik gabea!

Noiz izanen zirade bihotzez nerea,

Erran dautazu, oi izar maitea,

Ni zurea bezala zarela nerea.

 

                      9

Ez nauzula, segur naiz, penetan utziko.

Sobera amodio baitut zuretako.

Nik hartu zaitut nere bihotzeko,

Hil arteraino zaitut bethi maithatuko.

 

                      10

Oi lili xarmangarri! Oi aingeru ona!

Zu zare zu bakharrik ene zoriona.

Erradautazu izar ederrena,

Ni naizela munduan zure maitherena.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus