1863 Urruña
Xoriñoa kaiolan
Jean Baptiste Larralde
1
Zertako ni kaiolan,
Zer eginik gaizki?
Ez othe dut bada izan
Bihotz-minik aski?
Airetan ibiltzeko,
Jaunaren dohainak,
Eta ez preso egoteko,
Ditut nik hegalak.
2
Beharbada nigarrez,
Barur atzodanik,
Ene haurrak ni galdez
Daude, goseturik,
Laster hetaratzeko,
Idek beraz borthak!
Maiz heien bazkatzeko
Ditut nik hegalak.
3
Primaderak, oraindik,
Senti du negua,
Eta ume bat bakarrik,
Daukat lumatua;
Bertzek ez pairatzeko,
Onhets nere othoitzak!
Hekien berotzeko
Ditut nik hegalak.
4
Alhargun bat naizela
Ez dautzuet erran,
Helas! hil zitzaitala
Laguna segadan!
Harren mina arintzeko,
Eta eginbideak
Bienak bethetzeko
Ditut nik hegalak.
5
Iragan arratsean,
Egin dut nik amets
Eta umez dohanean,
Amak zer ez sinhets!
Ohatzetik hurbilxko
Zabiltzala etsaiak,
Ai! lanjera aitzintzeko
Ditut nik hegalak!
6
Baina berantegi den
Nago beldurturik,
Nihon ez dut aditzen
Auhen minik baizik,
Ez eta dudatzeko,
Galdu ditut haurrak!
Orai, nik deusetako
Ez ditut hegalak.
7
Doluz errebel, Jauna,
Hasi naiz mintzatzen,
Bai, nere azken orena,
Hari da hurbiltzen,
Zerurat airatzeko,
Umentzat alferrak!
Zaizkit baliatuko
Agian hegalak.