—1862 Urruña—

 

Nere etxea

 

Jean Baptiste Elissamburu

 

              1

Ikhusten duzu goizean

Argia hasten denean,

Menditto baten gainean,

Etxe ttipitto aintzin xuri bat,

Lau haitz ondoren erdian,

Xakur xuri bat athean,

Ithurriño bat aldean,

Han bizi naiz ni bakean.

 

              2

Nahiz ez den gaztelua,

Maite dut nik sor-lekua,

Aiten aitek hautatua,

Etxetik kanpo zait iduritzen

Nonbeit naizela galdua,

Nola han bainaiz sorthua,

Han utziko dut mundua,

Galtzen ez badut zentzua.

 

              3

Etxean ditut nereak,

Akilo, haitzur, goldeak!

Uztarri eta hedeak,

Iazko bihiez ditut oraino

Zoko guziak betheak,

Nola iragan urtheak

Emaiten badu bertzeak

Ez gaitu hilen goseak.

 

              4

Landako hirur behiak

Esnez hanpatu ditiak,

Ahatxe eta ergiak

Bi idi handi, kopeta zuri,

Bizkar beltz, adar handiak,

Zikiro, bildots guriak,

Ahuntzak eta ardiak

Nereak dire guziak.

 

              5

Ez da munduan gizonik,

Erregerik ez printzerik,

Ni bezein urusa denik,

Badut andrea, badut semea,

Badut alaba ere nik,

Osasun ona batetik,

Ontasun aski bertzetik,

Zer behar dut gehiago nik?

 

              6

Goizean hasiz lanean,

Arratsa heldu denean,

Nagusi naiz mahainean,

Giristino bat ona dut hartu,

Nik emaztea hartzean,

Ez dut mehe egunean

Sarthuko uste gabean

Xingar hezurrik eltzean.

 

              7

Piarres ene semea,

Nahiz oraino gaztea,

Da muthiko bat emea,

Goizean goizik bazken erdira,

Badarama arthaldea,

Segituz ene bidea,

Nola baitu egitea,

Ez du galduko etxea.

 

              8

Ene alaba Kattalin,

Bere hameka urthekin,

Ongi doha amarekin:

Begiak ditu, amak bezala,

Zeru zola bezin urdin,

Uste dut denborarekin,

Oraiko itxurarekin

Andre on bat dion egin.

 

              9

Ez dugu behar lurrean,

Ongi bizirik etxean,

Utzi laguna gosean,

Ez du beharrak sekulan jotzen

Gure etxeko athean,

Non ez duen mahainean,

Otruntza ordu denean

Lekhu bat gure aldean.

 

              10

Ene andrea Maria,

Ez da andre bat handia,

Bainan emazte garbia,

Irri batentzat badut etxean

Nik behar dudan guzia,

Gald'egiten dut grazia,

Dudan bezala hasia,

Akhabatzeko bizia.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus