—1862 Urruña—

 

Apexa eta lorea

 

Jean Baptiste Elizanburu

 

                      1

Neguaz primadera zenean jabetu,

Sasi baten hegian apexa zen sorthu,

Lekhu berean baitzen lorea gerthatu

Gaxoek elgar zuten bihotzez maithatu.

 

                      2

Iguzkiak ihintza histen duenean,

Apexa doha bethi hegalez airean;

Nahi luke loreak segitu bidean,

Girtainak zertako du gelditzen lurrean?

 

                      3

                Loreak

Nere besoak ditik ihintzak zerratzen,

Ondikoz! iguzkiak goizean urratzen;

Zertako haiz hi bethi nitarik urruntzen?

Hi goan-eta, badakik, nigarrez nauk urtzen.

 

                      4

                Apexak

Zertako nigar egin, oi lili maitea?

Egunaz iguzkia dun ene jabea;

Goizetik lorez lore dun ene bidea;

Iguzkia sartzean bethi naun hirea.

 

                      5

                Loreak

Goiz guziez "Adio" arratsean "Agur"...

Egunak luze dituk, gauak hainitz labur;

Nere nigarrez, othoi, ez hadila samur,

Zeren hire galtzeaz bethi bainauk beldur.

 

                      6

Iguzkiak goiz batez zenean agertu

Lorearen besoak zituen urratu;

Bi maitek zutenean elgar besarkatu

Apexak haizeari hegalak zabaldu.

 

                      7

Haize bihotz gabea, zertako herritik

Erreman duk apexa mendien gainetik?

Zertako duk urrundu maitearen ganik?

Hegastin gaxo horrek etzian hobenik.

 

                      8

Desertuan apexak, lorearen galdez,

Inguruak zituen bethetzen auhenez,

Lorea sorlekhuan, apexa beharrez,

Begiak aphaldurik zagoen nigarrez.

 

                      9

Haizeak egun batez, udaren hastean,

Apexa zuen hartu berekin airean.

Lorearen maiteak, herrira heltzean,

Oi zer bozkarioa zuen bihotzean!

 

                      10

Apex hegal flakoa, geldi hadi, geldi!

Utziz bozkarioa, doluan sar hadi!...

Zertako haiz fidatu haize gaixtoari?

Lorearen gainera lurra duk itzuli!...

 

                      11

                Apexak

Maitea, kausitzen haut lurrez estalia!

Jainkoak bere ganat hartu hau, lilia!...

Hi hindudan lurreko sosegu guzia...

Hil haiz!... orai neretzat deus ez dun bizia!

 

                      12

Oraino iguzkia zohan inguruan,

Apexa zenean hil bere sorlekhuan...

Izan baitzuen aski zorigaitz munduan,

Agian lorea du kausitu zeruan...

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus