—1860 Urruña—

 

Gizon abariziosa

 

Martin Arrupe

 

                      1

Bizio hainitz bada mundu zabalean,

Ikhusten ditugunak gizonen artean,

Bat da higuingarria guzien gainean,

Aiphatzerat nohana memento berean.

 

                      2

Bizio higuingarri, bizio gaixtoa,

Eskaraz deitzen dena abarizioa,

Gizonak nola hartzen hau amodioa,

Naski ustez baduen bizi bethikoa.

 

                      3

Zoin den higuingarria holako gizona,

Bizio gaixto hori berekin duena,

Hori dela medio berak zenbat pena,

Bertzerentzat nekez on beretzat tzar dena.

 

                      4

Bethi da bekhaitz bere jan, edan pausuez,

Lotan ere nakasten alkartze husuez,

Burua hartua du ontasun diruez,

Urrikalmendu guti hauzo inguruez.

 

                      5

Bethi hari da bere diruen gordetzen,

Lekhu aski segurik nihon ez kausitzen,

Jende beharrez ez da batere orhoitzen,

Alferretan diote deus ere galdetzen.

 

                      6

Abarizios hori bakhan alegera,

Sekulan ez dohako gosturat afera,

Hamar dituenian, hogoien desira,

Higoal zaio zuzen edo makhur tira.

 

                      7

Urrikalgarri dire zenbait familia,

Holakoa dutenak etxeko nausia,

Sekulan eskerrik ez, bethi erasia,

Eta oraino bertze zenbat eskasia.

 

                      8

Nahiz holako guti den Eskal herrian,

baterez balitz bizi, gintezke lorian,

Jende beharrak lagun direnek aisian,

Hola zer fama ona ginduken Frantzian.

 

                      9

Izan dezagun beraz, odol famatu bat.

Jeneros eta garbi, elgarren alderat,

Behatuz aintzineko arbasoetarat,

Ez baitziren emanak bizio hortarat.

 

                      10

Gazteria oraino solas bat zueri,

Urrikalmendu bethi jende beharreri,

Kasa bihotzetarik bizio tzar hori,

Etsenplu on bat eman ondorioeri.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus