1859 Urruña
Marinelaren joan eta ethorriak
Martin Guilbeau
Airea: Bistatik dohat untzia
1
Lertsunak dohaz airian
Don Ibaneko hirian,
Sendoaraziz zenbeit bihotz eri,
Eta asko familia
Zeinak baitziren eman nigarrari,
Berantetsiz sokhorria. (berriz)
2
Doluz utziz lur berria,
Igan dute Urania,
Larrun alderat horra nun dohazin
Adiaraziz berria:
Itsas lehoinak hor direla: Gaitzin
Laster biderat lehia. (berriz)
3
Ager orduko ibaian,
Horra andreak lasterrean,
Bozkarioak deramaz hirirat,
Guziak ahantzirikan
Beren senharren soin zabaletarat
Bihotzaren erditikan. (berriz)
4
Portuko kaia guziak,
Abantzu dire betheak,
Zinka, irrintzin, eta kikizaiak
Ez dire eskas bornuan,
Ikusiz bere emazte maiteak,
Ungi osasun onean. (berriz)
5
Trionfan sartuz herrian,
Alegrantzien erdian,
Ez dute deusik eskas bihotzian,
Dohatsu dire aphur bat,
Bere emazte maiten besotikan,
Dohaz, harat eta hunat. (berriz)
6
Etxa ditu primaderak,
Bere lehen arraioak,
Itsas ederrak ditu gonbidatzen,
Berriz ere bere haurrak,
Ikusazue marinela uzten
Bere bihotz maiterenak. (berriz)
7
Mingarri da ikustea
Besarkatzen emaztea,
Nigarrari da eman planuetan
Madalena bat bezala,
Ez du pausurik, ez du bihotzean
Xori amak hala nola. (berriz)
8
Adio, ene senharra!
Ene amore bakharra!
Nahi gabetan diat altxaturen
Jainkoari ene botza,
Eta bihotzez zihoat erranen
Marinelaren othoitza. (berriz)
9
Adio, ene andrea!
Adio, ene maitea!
Jaunak haizala eman auhenetan,
Behar dunen sokhorria,
Lagun haizala behar orduetan,
Othoizten dinat, Maria. (berriz)
10
Oi, berexkuntza samina!
Ondikozko bihotz mina,
Kentzen duena amodioari
Bere bihotz samurrena,
Entseiatzeko hala beharrari
Ethorkizun itsuena. (berriz)
11
Untzia bela bethea,
Doha aize iparrean,
Jadan iragan ditu uhinetan
Sor herriaren leihorrak,
Itsas lehoinak du begiratzean
Gordetzen bere nigarrak. (berriz)