—1859 Urruña—

 

Sortzez eskualduna naiz eta

 

Joanes Etcheto

 

                1

Sortzez eskualduna naiz eta

Egia erraitia dut maite.

Gizonak elhez tronpatu-ta

Ez dut irabazi uste.

Nahi naiz mintzatu jokoetan

Gizonen galgarrietaz

Erranen dut xede onetan

Zenbait hitz hemen pilotaz. (bis)

 

                2

Juan nadin huna eta hara,

Kausitzen tut pilotari

Gazteak hasirik jokora,

Zaharrak aldiz jujari,

Pasionia dute bere gida,

Bai hori gauza segura,

Nork erran dezake segida,

Zenbat den maiz kaltekorra. (bis)

 

                3

Ikusi ditut gazteriak

Juaiten herritik herrira,

Phestan elgargana bilduak,

Nola armadak gerlara.

Elizan bisitarik ez da

Heien ganikan ukhanen,

Plaza edo ostatua da

Heien hautukua izanen. (bis)

 

                4

Han urria ta zilharra ez dire

Partidan gupidetsiak.

Pobrentzat bi ardit ez dire

Jokoko dire guziak.

Hortarik ageri zer den

Phestaren izpiritua.

Libertinkeria nola den

Han bethi pratikatua. (bis)

 

                5

Pilotarientzat igandiak

Ongi unhatzekuak dire,

Jainkuak pausatzeko eginak,

Heientzat nekhezkuak dire.

Mainetzak goizian hasi eta

Arratsian gelditzen dire.

Eguna profanatu eta

Nola kofesatzen dire (bis).

 

                6

Pilota jokotik lekhora,

Segur da deboxkeria.

Egunen profanazionera

Konpliki laxokeria,

Zeren handia baratu eta

Baidohazi ostatura

Plazan gastatzen hasi eta,

Han arraso finitzera. (bis)

 

                7

Ikusi ditut hainitz herri

Pilotariz famatuak.

Ibiltzen ziren herriz herri

Bazituzten amarruak.

Partida egiten hartzen ziren,

Nork erran hango adreziak?

Onduan zer bilhakatu ziren!

Pobre hil ziren guziak. (bis)

 

                8

Partidetan pilotariak

Badirade izan dunak.

Eginikan ero galtziak,

Guti senditzen dutenak.

Bainan bertze hainitzen baitan

Bertzela da bai gertatzen,

Sofriaraziz familietan,

Mubleak tuzte jokhatzen. (bis)

 

                9

Pilotari heien artean

Izan dire traidoreak.

Kontrarinekin aditzean,

Bere launen galtzaileak.

Nork erranen du krima horren

Hedadura nolakua den?

Munduan ez da halakuaren

Deskansurikan izanen. (bis)

 

                10

Gizon prestuak bere umeak

Bertzela tu erematen,

Pilotaren amodiuak

Ez dituze hatzematen.

Zeren harentzateko sua

Baitiote apartarazten

Adiaraziz lanen zentzua

Zenbat duen galarazten. (bis)

 

                11

Toki hauk pilota utzita

Litezke ganbiatuko.

Pisionezko jokuak utzi-ta

Gizonek lana maiteko.

Orduan larreak haintzurtuz

Balukete fruitu frango.

Bethi prestua gida hartuz.

Jendia baita zuzenago. (bis)

 

                12

Pilotaz hola mintzatu-ta,

Ez dut erraitia utziko,

Pleika dela dudarik ezta

Gaztien leherrarazteko.

Pilota baino hainitzetan

Da seurki nekhatzezinago.

Thonbarat ditu gaztietan

Segur eremaiten frango. (bis)

 

                13

Izan zen bat gazten artian

Joko hortan nausiena,

Lehenik hasi zen Frantzian,

Gero Espainian barna,

Han bien kontra jokhatu zen

Nork erran haren sukharra!

Laster jokotik gelditu zen:

Hatzeman zen hil gogorra. (bis)

 

                14

Azken bertsuan gaztieri

Nahi diotet adiarazi,

Ez diten izan sobra egarri,

Ez lagunak galarazi.

Errekreazione honestak

Familian pratikatuz

Zeruko aingeruen phestak

Izanen dire doblatuz. (bis).

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus