—1859 Urruña—

 

Espainol baten tratua

 

Joanes Oxalde

 

Airea: Nork nahi zer nahi den erranikan ere

 

                      1

Tratu eder bat zauku Lapurdin suertatu

Zertaz den nahi dugu zuzen kondatu,

Bi eskualdun baitira elgarri juntatu,

        Eta abiatu,

        Egitera tratu,

        Bai eta zerratu,

Idi zaharra dute mulan trukatu.

 

                      2

Espainol batek zuben athera idia,

Etzularik hainitz airos begia,

Noiz eroria othe zen baitzagon guardia,

        Haren errabia,

        Etzagon ttipia,

        Zer pena handia,

Lehen bai lehen zuen khendu nahia.

 

                      3

Frantses baten ganik truk hartzen du mandua,

Orduan deskantsatu haren gogua,

Kaprestutik harturik, bistatik badua

        Etzen dolutua,

        Eginik tratua,

        Halako fruitua

Batere ez du galdegin non zen sorthua.

 

                      4

Etxera denian dio bere andreari,

Othoi, begira zozu nere mulari,

Tailaz eta guziez hain da xarmagarri,

        Nere mando hori,

        Begia du larri,

        Estomaka lodi,

Goguak emaiten daut dela ernari.

 

                      5

Andriak erreposta, irria farretan,

Niri bezik ez konda, othoi, bertzetan,

Ongi arrima zazu lehenik ferretan

        Emaiteko errentan,

        Goizuetako mentan,

        Lagunekin tropan,

Bakharrik jan liote belek errekan.

 

                      6

Halaxe, Manuelek, erraiten goguan,

Zenbat dohakabea haizen munduan,

Arranuen pazkaz duk heldu den neguan;

        Emanen oluan,

        Ez janen gostuan,

        Ez baitzen trenpuan

Hortz hagin bihirikan ez dik ahuan.

 

                      7

Frantses pikaro horrek sarthu dauk ziria,

Ongi zorrozturikan berri berria,

Ez dik tatxa gabia berorren idia,

        Laneko nagia,

        Bethi eroria,

        Onxe haragia,

Xoriz betherik dauka zintzur guzia.

 

                      8

Mehe balinbadago, ona duk jateko,

Aldiz nere mandua ez deusetako,

Horren behar bakharra nere laguntzeko,

        Haurren jostatzeko,

        Ez duk deusetako,

        Ez on bertzetako,

Ferrak khenduz geroztik zakurrendako.

 

                      9

Zertako duk horrela idia trukatu

Tratu txar bat eginik baitzauk dolutu,

Ongi behar hituen begiak argitu,

        Bai eta miratu,

        Orai ez probetxu,

        Hauxe zauk gertatu,

Demonio horrek hau zakuan sarthu.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus