—1859 Urruña—

 

Pilotan afizione dutenek kantatzeko,
xaxari xahar baten phertsuak

 

Gratien Adema "Joanes Hergaray"

 

                      1

Pilotari gaztea, higi hadi laster,

Hire beha daudenak huna jendez leher,

Errebotean hire jokoa zak ager,

Eia zein haizen hazkar, zalhu eta eder.

 

                      2

Eskualdun gazteriak besoz, zagoz arin

Bere azkaziari ez dik ukho egin,

Pilota partidetan, oi zein den atsegin,

Eskualduna eskualdun bethi ager dadin.

 

                      3

Zer pilotari gaitzak Perkain et'Azantza!

Heien famak oraino badik harramantza,

Espantuz baizen hetaz nor daiteke mintza?

Halako guti dugu orai esperantza.

 

                      4

Bai besain, bai besazpi, bai punpa lasterrak,

Hautaki zerabilzkan Kurutxet, Exkerrak

Domingo ezpeletar jokari supherrak,

Hobeki inharrosten zitian bazterrak.

 

                      5

Betiri jandarma eta Herorizko Martin,

Bi soldadueneko osaba ilobekin,

Etxand'eta Ibarla Duluniarekin,

Nihork ez dik pilotan hek bezala jakin.

 

                      6

Onyore Justun eta Suraidar Betiri,

Erreferaraz geroz nork hek handik higi?

Bainan horra Rumeba, horra Frantxistegi,

Xemartingoarekin butatik piklari.

 

                      7

Hire mandrunarekin*, Kaskoina, emak hor,

Perkaini, Azantzari deus ez diotek zor.

Sasoinean hintzeno othe zuan nihor,

Hik bezala pilota zezakenik igor?

 

                      8

Hogoi urthez eginik hainbertze partida

Kaskoina heinbat lerden oraino bizi da,

Oraiko gaztek hura har bezate gida,

Harekin ikhasteko jokoko segida.

 

                      9

Bere trunko lodian hainbertze haragi,

Harritzeko da nola dion ere mogi,

Badu oraino franko kosko eta begi,

Damurik gaztetzea ez zaio zilhegi!

 

                      10

Esku huska zelarik lehenguen jokoa,

Geroxago hasi zen eskularruzkoa,

Orai berriz noiznahi atxikian joa,

Habalaz bezain urrun airetan badoha.

 

                      11

Atxiki aire hortaz orai da hauzia,

Legezko joa denetz ala malezia,

Bixtan da baduela bere adrezia,

Guziz joiten dueno pilota bizia.

 

                      12

Meltxorren joko gisa duenak ikusi

Ez ahal du jujatu falta ez itsusi,

Azken urthe hoietan ez ginion kausi,

Pilotan zaitekenik horri buruz nausi.

 

                      13

Meltxorren ondotikan huna bertze batzu

Hura bezenbat jada badire abantzu

Mattin aheztarra, zuk ahal dakizu

Frantsesak noiz dezaken Espainol hoi bentzu.

 

                      14

Muthiko eskualdunak, hots, erna zaitezte,

Laphurdi, Baxenabar, Zubero nahaste,

Zein nausi, zein lehenka pilotara zoazte,

Han ezagun da nor den hazkar eta gazte.

 

(Ahazparnen egina, uztailaren 5an 1859)

 

                                * On connaît sous ce nom (mandruna) un genre

de coup de bras propre à Gascoina.

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus