—1858 Urruña—

 

Rusiako gerla

 

Leon Elissamburu

 

                          1

Rusiako Enperadorea, mintzarazi duk jendia,

Bai eta truble handian eman kasik Uropa guzia,

            Ikhusirik huela kontra Frantzia,

            Hirur nazionentzat buru jarria.

Lan tzarrean sarthu hintzela bahuen bai urrikia!

Beldurrez eta bethikotz gal, Nikola izen handia.

Lehen bezala orai ere Frantsesaz haiz orhoituko

Nola urez hala leihorrez ez dukala bentzutuko,

Ez dukala bentzutuko (bis).

 

                          2

Frantsesak ez dik ez faltatuko podore handiak baitik

Untziak belan harmada onak laster altxarazten ditik,

            Ez duk ez mundu huntan erresumarik

            Abantail gehiagoz bethea denik,

Eta gidari Napoleon, nolakoa den badakik?

Zeruko hedoi gorenean orai Tronua eman dik.

Altxa zatzik begiak goiti eta erran frantsesari,

Ez dukala ez haren kontra gehiago deusik nahi,

Gehiago deusik nahi. (bis)

 

                          3

Rusia, hire banaloreak horra beraz zertan diren,

Guzien jabe izan nahia zoin behera jautsi haizen

            Frantsesa zenekotzat hasi mugitzen

            Hire eremuetan bai khexu hintzen.

Nahiz mila lekoa behar den itsasoen trebesatzen,

Xoilki aiphamen horrek berak hainitz hinduen lotsatzen

Orai hor dituk Zebastopol, bai eta ere Marina

Erakusteko on direnak berriz egiten badira!

Berriz egiten badira (bis)

 

                          4

Gure aitek osabarekin zuten kurritu Rusia,

Mosku errez ez baliote harturen zuten guzia,

            Harmetarat geroztik mejoria

            Bethi segur baitzuten garhaitia,

Iloba gure buruzagi badukegu bai fidantzia,

Etsai guzien bentzutzeko izanen dugula gloria:

Izan gaizkon gu ere leiak, jarraikiz arranoari,

Frantziaren izena atzetan gora deabilkanari,

Gora derabilkanari. (bis)

 

                          5

Nazione hainitzak dire Frantziaren jelosian,

Zeren eta emana baita bertze guzien gainian,

            Manatu duelakotz berak Rusian,

            Beldurrez egin dezan Mundu guzian,

Printzeak bere gorthetarik daude ikhara bizian

Agur eta sumizione buruan eta mihian

Biba gure Enperadorea, biba bethi Napoleon

Zu bezalako aita onik ezin giniroken nehon

Ezin giniroken nehon. (bis)

 

 

 

 


Anton Abbadiaren Koplarien Guduak

 


www.susa-literatura.eus