1855 Urruña
Alde guzietarik berri txarrak
Martin Arrupe, urruñarra
Airea: Urruñako pilota partida handi hartako kantuena.
1
Alde guzietarik berri txarrak dire,
Gauzarik hoberena eskasian gire,
Arnoak huts egin du bi urtez Frantzian,
Gero garastiatu dute Espainian.
2
Halere bethi heldu da Espainiatik
Nonbait edaten dute arnoa gogotik,
Kario izan arren gostu bera baitu,
Bainan bihar ginduke bertzela pentsatu.
3
Ostatuetan lehen bezala egonez,
Horren bertze pagatuz arnoa edanez,
Penak ahanzten dire bainan ez gutitzen,
Ondoko egunetan dire gogoratzen.
4
Zortzian behingoa gizonek bederen
Orai nahiz halere gastua handia den,
Bainan emaztekin biziatuz geroz,
Nonbaitik behar baitu horrek egun oroz.
5
Jaiki orduko dit barniak galdetzen,
Zintzurra bustitziaz du atsegin hartzen,
Aldian guti bainan maiz bihar ddastatu,
Uste ez dubelarik zaio akabatu.
6
Berriz ere behar du biharamuneko
Mandari ixilak baditu hortako,
Dirurikan ez bada zerbait diru sari,
Nihork ikusi gabe laster ibil hadi.
7
Emazteki arnora biziatu hori,
Bethi zupaka dago bere sabelari,
Noiz ganen othe zaizkon gizonak etxetik,
Zer nahi salduko du edatia gatik.
8
Bihia salduko du erdi prezioan,
Lino erostia ez dagoka goguan,
Holako emaztia dagokan senharrak,
Maiz ibiliko ditu athorra zaharrak.
9
Begira zaite, beraz, zu emaztekia,
Maiz ethortzen zaitzuna barneko flakia,
Biziorikan ez har arno edateko,
Gaitz hori hagitz neke baita sendatzeko.
10
Bethi begira esku xuhurtasunari,
Urthe gaiztoak dire ikus zazu hori,
Holako biziorik ez utz nausitzera,
Hiltzia lehenago desiratzekora.