Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

ELURRA ETA BESARKADA

 

 

                        Hiltzen gara eta baliteke hori izatea bizitzaren esanahia,

                        baina hizkuntza egiten dugu

                        eta baliteke hori izatea geure bizitzen neurria.

                                                Excitable Speech

                                                Judith Butler

 

 

elurra joan denean zurbil da kalea

aleak banan-banan irensten

hamaika begi arre hitzak erratuz

behin eta berriz otoiak amesten

 

ohituran errotu da besarkada

saiatu naiz historia iraultzen eta lortu dut

saiatu naiz zure begiak itsasora iraultzen eta malkotu zara

saiatu naiz ezkortasuna iraungitzen eta ez dut lortu

 

hezetasuna sartu zait

minduz beldurtu nau

besarka nazazu besarka nazazu mintzen

ez dut elur artean besarkadaz beste egin nahi

 

hain dira inozoak eta txolinak olatu berriaren hitzak

hain da erraza visaren zenbakian otoitz egitea

hain da hodeia tanta eta negua hotz

dadila samina bozgorailuen gaixotasun izan

 

eta ez gaitezen zurbildu

elurra joan dadinean

 

hegoak zartatu arte doa

hegazkina eraikinaren aurka

sotil biharamuna

 

heriotza dakar

bizitza horizontalak

eta lorategiko eserlekuan etzateak

itzala

kutxa beltza

kale iluna

 

elurra joan denean zurbil da kalea

aleak banan-banan irensten

hamaika begi arre hitzak erratuz

 

 

 

© Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus