Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

HIRU DILISTA NIHILISTA

 

atea aizkoraz zabaldu eta

lorea txikitu duzue

eta balaz saiatu denak

zulatu du ate osteko enborra

baina fruitua ez da erori

 

aulkipetik gurintzen diren

zizareek eta begi moztuek

praka urdina dute azken helburu

 

eta hotz garenean euria eskatuz

helbide bakarra plazera denean

oihukatuko dute

«ez nazazu estilo-liburu bihurtu»

 

ordua heltzen denean

desiraren marroi handienek

eta pareko bi astoek

buruaz beste egingo dutelakoan egotea

hain da naïf

 

ni naïf

zu zarëfnean

eta zerua gorritzean

hodei urdinek agur esaten diote egunari

 

txikitan zenbakiak marrez lotu nituen

eta irudiak ateratzen ziren

bat bi hiru eta gero lau:

erbia basoan

 

orain eman dizkidazun

ur botilen tapoiak batzen ditut

eta nekearen nekez ere

urtzen zaizkit erantzunak

 

egunsenti zulatu

nahigabeko egia zimur

esnatu gabeko gau

estatu hotzeko zintzur

eskatu beharreko aterpe...

gerrikoa zintudan

non teilatuak amets ziren

 

gari antzuen sasoian

ongi etorriak dilista lehorrak

 

atea aizkoraz zabaldu eta

lorea txikitu duzue

desiraren morroi handienen

ordua zetorrenean

 

garai antzuetan

ongi etorriak dilistak

non eraikuntzak desegiten diren

non bete ez diren platerak hosto lehor diren

zabaldu aizkoraz atea

 

 

 

© Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus