Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK


 

PFAND

 

bekokian txertatzen den atzamarrak

              ireki du atea.

ezpain-marra zebratuan

              da alkandoraren

txekorra, behorraren ondoan ari da

              hitza esan nahian

              ahoa irekitzen

ordea, ez da soinurik zure

              belarri-zuloetan

dezifra dezaketena baino ilunagoa zara

eta txekorrak eskuak sudurrean

              miazkatzeko behar zuen soilik belarri-zuloa

eta prakatik atera den espadrilan

              maitatu du beiradunak zuri-urdina

nola muntatzen dituzten botilak garagardo lantegietan

 

Berlingo txiroak

pfand ehiztari dira

Kürfurstendammeko paperontzietan

 

eta altxatzear zen umeari

berunezko harritzarra bota diozue

ortografia bezala: zurrun

goraino doan arteriak

              zain-sortzaileak

daraman odol oldea geldituko du

 

ortografia

kiwiei hegaz ezin dutela

oroitarazten dien dohain-eza

piano-jotzaileei txarangarako baliagarriak ez direla

errepikatzen dien mehatxuzko araua

 

eta dena txantxa balitz

zubiak ibaiertza balira

urrundik begiratu nauen

ilehoriaren begiklixkada

neke-keinua balitz

titiak erortzen ari zaizkio

errepikatuko diozu orduan buruari

baina zer nahi duzu ba

titiak gaspuxika izatea?

 

inprobisazioa baino ikasiagorik ez da

askatasuna gidatzen duen legea baino mugatuagorik

            ez da

gezurra baino karratu horiagoak

            triangelu beltzak dira soilik

                        (barnean dutenean eguzki estilizatua)

 

 

 

© Hedoi Etxarte

 


www.susa-literatura.eus