XALALA
eta dutenean su artean lilia erre
izan gara amaigabe:
nola gaua den
ezpainak ireki arte
nola gorputzek egiten duten dar-dar
dantzalekuko musikarekin
eskuak altxatuko ditugu
gurutze-gorriak zaurituak daramatzanean
negar eginarazi nahi digutenean
wir sind friedlich
was seid ihr?
xalala abestuko dizuegu biluzik
ipurmasailak mugituz irribarre egiten dugun
neskatilatxoak garelako
eta gortina artean dena jango genuke
kearekin nahastuta
etorri eta doazen argiekin apainduta
harlauza hautsien gainean
oinutsik egiten dugu dantza
lizunkeria dugulako azken helmuga
eta dutenean su artean lilia erre
izan gara amaigabe:
nola gaua den sakon
jositako begiak zabaldu arte
nola gorputzek egiten duten dar-dar
dantzalekuko musikarekin
xalala abestuko dizuegu biluzik
bizitza mikatza da
eta batzuetan goxoa ere bada
berez mikatza dela
ahaztu ez dezagun
bizitza mikatza da eta
xalala abestuko dizuegu biluzik
© Hedoi Etxarte