Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak

 


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 

—10—

 

Laguna hausten den hilobiak leher egiteraino zurruta kanta egin litekeen mahaia izan behar luke, zer axola plastikozko lore zikin hauek dardaraka ontzi jausi zartatuaren lepoan, zer axola gure mozkorraldiaren puskailak aldare profanatu batean, zer axola du, errealitatea ez da jasangarria. Zentral termikoaren argiak xahartzen hasi aitzin zabaltzen du eguna ezkerrera ageri den Aiako Harriaren hiru gailur soslaituen ostetik, ipar zekenari babes dauka mendi magala eguzkialde, errealitatea edangarria ez delako datza gaztaro bat hemen, mesosferaren hondorainoko zuloan gordea. Harritarte guztietan goroldioa sortu zaion ontziola ondoko elizako serorak lotsakizunak ez ezik gorputz osoa zapi zuri bustiz estali balie bezala zirinek oraino ugertu ez dituzten tamaina bereko kristo errepikatu hauek, gezurrezko marmol, molde bakarreko santuginaren igeltsu jator, gurutziltzatu baino lehen seroraren senarrak garrotebilean justiziatuak irudi burua eskuin aldera makur, pintaketa politiko onartezinen tentagarri. Ondare beti eskumeneko honen atzean, gauez, hegoak jotzen duenean errazago, umetan txalupen sexua ikertzen genuen kostape hartan eraiki tramankulua hodeietaraino zuzen, enborraren zementua marra horizontal zuri-gorri zabalez nabarmendua, Bretainiako farola bat bezain suntsiezina gure balentriaren lekuko.

        Gurutzea, gurutzea, gurutzea, gurutzea.

        Gurutzea, hilarri baten faksimilea, kristograma, zakila.

        Zakila, heriotzaren luzapena hilerriko zaindari.

        Lotu behar zen pankarta puska hura goi hartan oroz urrun oroz bakar, segurtasunezko langak iragan erreflektoreen azpian abiatu guarden ibiliak saihestu tximiniarainokoa labirinto metalikoan barna asmatu beheko heldulekuraino iritsi berrehun bostehun edo mila eskala igan, ez, gehiago, izterrak gogortu arterainoko guztiak. Ni naiz zure pareten idazlea. Pareta guztien idazleak ginela erakusteko, esan liteke. Xabierrek lotu zuen mezua han, eman dezagun, eman dezagun Greenpeacekoek berea baino zatiaz lehen handi gorago ausartago politikoago, bestelako asmoz arrunt. Gero, jaitsieran, zentraleko tximinia hura gantzutu zuen, zakila erraldoiaren masturbazionea. Seroraren etxe abandonatuan zain geundenok agindu egiten genion ahapetik «Uztak hori, jaitsi hadi lehenbailehen!», baina hantxe seguruen, tximiniako armiarma, motxilan eraman zuen bikea heldulekuetan itsasten, guztion zakilak ferekatzen, «Atxilotzen badute!», Gorkak orduan «Atxilotzen badute berdin duk, ekintza egina zagok!», Txurdok, eman dezagun Txurdok esan zuela «Baina torturatu egingo ditek!», zelako kezka, «Lasai, horretarako gaudek berarekin, torturatzen badute beste izen batzuk ez emateko, amolai!» Gorkak, inork baino hobeki ezagutuko balu bezala, inork ez bageneki bezala futbolean egiten zituen kontaktuez, inork ez bageneki bezala gure izenak emanen zituela, ez ginela ezer, ez ginela ezer momentu politiko hartan, zer zen ekintza huraxe, ikusgarri bat biharamunean portualde osoan goi hartarik zintzilik, haizerik ez, irakurgarri, gure dazibao harroa, goizaren okupazioa, kirola eman dezagun, zer, zer Teherango gazteek urkamenditik zintzilikatu behar zutenean eztitasunez dantzatu ahal izateko. Bilbon Bartzelonan Bordelen aldarri hura hurrengo hilabeteetan, ezin konta ahala afixa eskualdeko herrietan, Aleksandrak banatu zituen argazki ederretan. Irakurketa egin liteke garai hartako gure argazkiekin, zentral termikoko pankarta leiho tirokatuak zimitorioko muralak ibaiaren hondoko tresneria kargadero zaharra gure aurpegi kopetazimur alegera haiek, gure gorputz egarri haiek.

        Zaunka erraietan.

        I not believe in yesterday.

        Ababorreko argiak tindatu itsasoaren barruan zoratzen.

        Beherago, zuhaitzek ezkutatzen ziguten badian Senekozulua baforeak koadranteko kaian atrakatzen ari behar zuen portuko zikinkeria guztiak hamar miliako urrunean hustu ondoren. Kantari hasi ziren denak, kantari hasi ginela denok esan behar nuke, Gorka, Xabier bera, Txurdo, neskak, zenbat neska hemen ere, oraintasun batean gure belaunaldia, inozoa sentibera koldarra, bihotz onekoa, nirea, zurea, zer egiten diat nik malkotan.

        Paretak zuri nonahi.

        Aldiro galtzen dut birjintasuna.

        Adintasunera ez iristea da helburua.

        Hego haizeak Larrun mendia erakusten zigula ekialdeko zokoan zentraleko linearen kableen artetik, lehengusuak magnetofoiari sakaturik Irauten duen bakarra entzuten hasi ginelarik drapoa ezin bereizi genion petrolero handiari so geratu ginen, brankaz jartzeko egiten ari zen maniobrak epaitzen, horrek lagundu zigun kantari jarraitu ahal izateko. Musika hark erasan egiten zuen, han zeuden, han zituen zimitorioan loto jarrera harturik doinu higuingarrienak jotzeari ekiten zionean inguru biltzen zitzaizkion neska guztiak, lore bana eskuan gu nardatzeko izorratzeko ahulagotzeko.

        Zementuzko zakil erraldoi hura gurutzeen gainetik.

        Gazterik hil gintuzten guztion aldarri.

        Zakil bat ketan, zakur bana ginen.

        Gure lehen hilobiratze ofiziala izan zen, gure belaunaldiaren aurreneko biktima, askatasun artistikoaren sinboloa, bizitza molde berri posibleen aurreneko esploratzailea. Heroi bat genuen, ez zegoen ukatzerik, ez portuak ez fonderiak eman ziguten espero genien gazteon gorazarre publikoaren gai izanen zen zerraldo martiria, Gorkak Xabierrek Garbiñek Txurdok lanak edukiko zituzten onartzen. Gorpuaren jabetza kolektiboa dekretatu zen han, Luisek ez zuen aitagurerik abiatu, dena GazteArtearen jaialdia izan zen. Itxurakeria zela hura, zerraldoa hutsik zegoela, Londonen geratua zela Bixarberderen gorpua.

        Ni neu aldendu nintzen orduan, bazter batetik filosofatu nahi duen bele gurutzeren baten besoan, aita ehortzi genueneko korroka huraxe harritxintxarretan, huraxe burura, ez dakit non zauden aita, zaude, Bixarberde iluneneko putzuan zegoen engoitik, neure burua kendu nahi nuen zeremonia infantil despedida hunkigarritik zamagabe, gertatu mingarri haietarik urrundu, Aleksandra nire akordura ekar zezakeen demendrenetik eten, haren aztarnak ezabatu gure auzo liberatu guztietan.

        Gure paretek bidea zabaldu zuten.

        Egia ez da metafisikoa.

        Zalantzak dauzkat, banaiz.

 

 

Multzo bat zegoen bide bazterreko auto ilararen ondoan pipatzen, gizonezkoak, gazteak helduekin nahaste. Ondotik pasatu nintzen herri aldera adio eginez. Dodge-Dart ederrari beha geratu nintzen pauso batzuetara.

        — Hirea al duk?

        Hurbiltzeko eskubiderik ez baneuka bezala.

        — Txatartuta ederra geratuko huke, eskultura hutsa.

        Ikustekoa zen hura gure herrian barrena igande eguerditan, Alberro senar-emazteak Donostiako elizaren batean meza nagusia entzun ondoren etxeratzen zirelarik, desfilatu egiten zuen izarniadura hark. Yate bat ematen zuen antena luze harekin.

        — Semea lurperatu dik oraintxe.

        — Bera ere lurperatzen dugun!

        Askotan topatu izan genuen, arratsaldeko bakailao deskarga amaitutakoan arrantzako kaialdean garagardo batzuk hartzen genbiltzala azaltzen zen bera kirol poltsa bizkarrean boxeo gimnasioan izerditzera, eztabaidaren batean sarturik laguntzen genion tabernen espaloi zabalean barrena Boxing Cluberaino. Mendiko laguna genuen, bide guztiak ezagutzen zituen, lesakarra zen sortzez. Maoista, aberriaren etsai bat.

        — Baldintza txarrak, kamarada.

        Orri bat luzatu zidan.

        — Baldintzak aldatzen ahal dituk. Hiru hilabete pagatu gabe utzi gaitik kalean urdakume horrek. Gutako bat zagok hor barruan, irteeran orriak banatzeko.

        GazteArtean deitoratzen genituen esloganak zeuzkan, «Itxiera patronalari ez!», «Despidorik ez!», «Denok bat borrokan!», beste askolako orria zen. Alberro jauna nonahiko patronalaren eredu jatorra zen, ausardian oinarrituriko biografia zeukan, enprendedorea esaten zioten haietarikoa, ekin handikoa.

        — Ez alferrik gastatu pintura.

        — Bizarra utzi behar al duk hik ere?

        — Ekarri al dituk guanteak?

        «Lapurra» ari ziren margotzen spray zuriz Dodge-Dartaren albo bietako beiraduran.

        — Etxeratzen delarikan pintaketa gehiago ikusiko dik.

        — Txofer berria ekarri dik.

        — Bai, larruzko zamarra beltza daramana.

        Bizion oinok hilerritik, dozenaka urrats oroitzapenak ezin oinperatuz, bazetozen bizion oinok bele samaldaren karranka.

        Aleksandra ez, hura ez zen azalduko.

        Etorri izan balitz, eginen ote niokeen hitzik?

        Pankarta bat hedatu zuten, alderik alde hartu zuten bidea mendia ilunabarra langile azpikotu haiek. Zigarroak jaurti zituzten denek, ugazabaren indarraren aurka ukabilka lotzeko prest, biluztasun politikoaren edertasuna, zapaltzen zituzten ilintiak baino egoskorragoko herrijendearena.

        — Lángileók ez gará merkántziá!

        Bertan geratu nintzen, afixetan argazkitan albistetan betikotu ez zituzten langile barrubako haien ondoan paketeko azken Stuyvesanta suturik, borrokan ohitu gabea, eskuak ahul, bulegoetako epelak bertan utzirik sugearena eginik grebarako gomita egitera etortzen zitzaizkigun beheko fresadoreekin pulidoreekin labezainekin batu nintzen, gure oroimen sozialaren hondoan iltzatu zitzaizkidan oihu haien erritmo primarioak bildua, filologoek jasoko ez zuten ahozkotasun noblea dastatzen.

        Ikara elektriko bat bizkarrezurrean goiti.

        Gure esku ahulak patronalaren muturrerako.

        Gure gorputz irakinak zelula ikaratuz beterik.

        — Horrek itxura baizik ez zaukak, dirurik edukiko balu ez huken horrelako gurdi zatarrean ibiliko.

        — Beste lantegi bat ireki nahi dik Burgosen gure makinariarekin. Ofizial batzuk zagoztek han muntatzen.

        Dimentsio jasoagoa ematen zioten Bixarberderen ehorzketari pankartak, oihuek, musikan biziko zela erabaki zuen egun hartarik sartu ez zen Dodge-Dart hondojoak. Zerraldo hartan egon edo Londongo morgeren batean, lortua zuen zegokion klaseari ihes egitea. Garai bat abiatzen zuen gure lagun gorrotatu miretsiaren heriotzak.

        Nolakoa ote naiz ni, Aleksandraz geroztikako bizirauna?

        Egin ahal izan ote nion ihes ezeri?

        Jendea burumakur iragan zen pankartari behatzeko lotsaturik, zeremoniaren akordu gozomina ozpinduko zuten oihuak deitoratuz hasieran, gero zer gertatzen zen zer egin behar zuten ez zekitela irain mehatxu zarpatikoratze kalapita hartan.

        — Zuek hil duzue! Zuek hil duzue!

        — Fernando, mesedez!

        Orriak pankarta ostetik gorantz hegatzen trufagarrizko malutak lurreratzeko Fernando Alberro jaunaren Dori Salaberria emaztearen buru lepo arropa ilunetan, hartzen du idatzi amorragarri haietarik bat, langileok, langileok idatzi baino ez dute egiten orain, lana egingo balute, besterik ez daukagu, irakurri ez, ikusi egin zuen, paperak dardara egin du esku hartan zelulek gure gorputzetan bezala, mazpildu egin du hitzak lauskitu beharrez, pausoa oihuka jarraitzen zutenengana, guregana, handik, pauso hartarik askatu behar izan du bere kolera burgesa semeaz atzendurik.

        — Honek, honek manipulatzen zaituzte!

        Euzkadiren etsai guztiongana atzamarra luzatuz, haragijale baldresa.

        — Honi pagatu egiten diote!

        Zamarra beltzekoa Dodge-Dartaren barruan zegoen jesarria, kordoi kizkurtuko mikro batetik hizketan, yate guztiek daukate.

        — Txoferra irratiz ari duk.

        Beste hiru pauso, ausardia kemena bularra, begiak malkotan erantsi zion atzaparra pankartari patroi. Makur laga zuen bernazakian hartutako ostikoak, algara nork edo nork nire ondoan, ez luze, zer izan zen hura, tiroak, kukutu egin ginen bata bestearen gerizan, hautsa sudurretara.

        Elkar biluzterainoko borroka.

        Ikara elektriko bat bizkarrezurrean beheiti.

        Lagunekin edan, edan, dena esan dena isiltzeko.

        Erorketa baten kontua aipatu zuten, txalupa abandonatu bat, metrailatze bat gauez kostan, Grankanto parean. Inork ez zuen txaluparik ikusi, Aleksandra lekutua zen herritik, zaila genuen jakitea zer, agian emakumea bihurtua zen, besterik gabeko emakumea.

        Gure haragi etzanaren magmara noratu zuen gero, esku biak burdinan, beldurgarrizko euskara gardenean.

        — Denak hortxe geldi!

        Amesgaiztotan izerditzen zen seroraren izara inpudiko haiek urratu, zango-besoak eten, gurutzetik jalgi, uretan oinez bezain airoso egin zuen lasai gorpuen gainetiko kristo bat hurbildu zitzaion une hartan.

        — Lurrera! Lurrera!

        Gorka altxatu zen ondoren.

        — Kontuz, Luis! Etzan hadi! Luis!

        Jainkoari defini zedila eskatzeko bidoira igo zenean bezain lasai jarraitu zuen armari buruz izerdi bereko lagunaren oihuari gor.

        Idealik ez, utopia bai.

        Iraultza ezin da programatu.

        Egun bakoitzak dakar bere zeregina.

        Isiltasun sorra hedatu zen han anbulantzia urrundu zelarik Luis bere odolaren gainean zuriz gora flotatzen zeramala Gorkari eskua emanik. Bilduak zituen kaskillo biak sasitza batean botatzen ikusi nuen Garbiñe, beste horrenbeste egin nuen nire alokairu erdiko giltzekin, ez hark bezain kontuz baina, zer gerta ere amak kopia bana eskatua zidan. Ongi gordeko zituela berak, zer gerta ere.

        Froga ezazu badela bizitza bat hil aurretik.

        Birjintasuna ez da inoiz galtzen.

        Errealitate hau ez liteke kantagarria izan.

        Panfleto zapalduak, Dodge-Dart harrogabetua, aginduka inguratzen gintuzten guardia zibilak, dena iruditu zitzaidan eldarnio hutsa, ez zela deus gertatu, gure aitzindaria Londonen zegoela bere hirugarren diska grabatzen, gure buruen gainetik amore leunean iragaiten zen hirurogei mila volten marrumak ez ninduela zorabiatu luze gabe lehertu behar zuen sargoriaren morse etenezinean.

        Bizitza okupatzeko ahalegin hura.

        Ezin zezatela inoiz gure lana merkantzia bihur.

        Mariluren obuluak munduko edari guztiak odoltzen.

 

 

 

© cc-by-sa Koldo Izagirre

 


www.susa-literatura.eus