"Umoreari buruzko gogoeta"
    Jon Alonso


    (saiakera)
    36 orrialde

Zuretzat espreski idatzi eta inprimatutako liburuak dira hauek.
amukoak bildumako liburuak doan jasoko dituzu
Susaren web guneko dendan erositako liburuekin batera.
Ondoko testua liburuko pasartea da.

 

 

Umorea gauza pertsonala da

 

Augusto Monterrosori behin elkarrizketa bat egin zioten, eta hor ibili zen gizona bera umorista bat ote zen, edo ez, arrazoitu beharrean, etiketa horretatik defenditu beharrean, zehatzago esateko. Halako batean, honako hau galdetu zion kazetariak: "Baina zure kritiko gehienek umorista bat zarela esaten badute, zerbaitengatik izango da, ezta?" Monterrosok hauxe erantzun zuen: "Bai, baina pentsatzen hasi eta iruditzen zait argitaratu dudan gehiena nahikoa tristea dela, edo behintzat asmo umoristikorik gabea. Nire baitaren baitan, nik ez dut uste umorista naizenik, eta batzuetan ernegu pixka bat ematen dit agian konturatu gabe halakoa naizela pentsatzeak. Gehienez ere, nik nahiko nukeena da bestek pentsatzea idazle errealista naizela, umorearekin edo gabe, baina segurutik jada hau ez da posible izango umoristen sailean sailkatu nautelako, eta honek nire irakurleak nahasten, tronpatzen dituelako. Jakin nahi baduzu, inork esaten didanean halako edo bestelako ipuinarekin irri algara ederrak bota zituela, ezinegonak harrapatzen nau, agian ipuin hori delako ni, idatzi nuenean, malkotan gelditzeraino hunkitu ninduena, edo nire bizitzaren pasarte mingots bat kontatzen duena. Horrelakorik entzun eta gero etxera noa, korrika, eta berriz irakurtzen dut nire ipuinaren txistea non dagoen antzemateko, eta gaizki idatzita ote dagoen pentsatzen dut, koma guztiak bere tokian jartzen egiten dudan ahalegina eginda ere".

        Inork pentsa lezake, noski, erantzunean berean adierazten duela bere umorismoa Monterrosok, edo behintzat erantzun ironikoa dela, eta nik ez dut ukatuko agian hala denik; baina esan nahi dudana ilustratzeko, hartuko dut beste testu bat, George Steinerrena oraingoan, Kafka idazlea aintzat hartzen duena, hauxe irakurtzeko: "Mito moderno ilunenetako bat adiskideen aurrean irakurtzen zuenean, Itxuraldaketa, alegia, Kafka bera irriz lehertzen zen". Kafkaren joera hau hagitz ezaguna da, eta askotan aipatua izan da, bederen; hala, Sarrionandiak antzerako zerbait esaten digu, Itxuraldaketa irakurtzean ez ezik Auzia eta abar irakurtzen zituenean ere irri algaraz aritzen zela, alegia. Felix Ruiz de Azua urrutirago doa, eta hauxe utzi du idatzita: "Idazle den aldetik, bere ezaugarririk nabarmenenetakoa bere umore garratza da, espresionismo germanikoaren eta Woody Allenen self deprecation delakoaren artean. Marra bortizki espresibo hori, Lehen Gerra Handia baino lehenagoko Erteuropako banguardiek hain berea dutena, Kafkaren borondate literario tematiaren aztarna garbia da: inolako dudarik gabe, bere irakurleek gure izatearen esentzia tragikoaz algaraka irri egin zezaten nahi zuen". Thomas Mannek, bere aldetik, Auzia umore beltzaren maisulan bat zela uste omen zuen.

        Honek guztiak hiru gauza irakasten ditu umoreari buruz: lehena, umorea gauza pertsonala dela, guztiz norberarena, eta pertsonala denik eta gradurik handienean, sexua bizitzeko modua den bezainbeste, esaterako; bigarrena, badagoela bizipen pertsonal hori gizarteratzeko modua, noski, baina gizarteratze hori idazleei eskuetatik ihes egin dien ariketa dela, eta hala, Monterrosoren publikoak irri egiten du idazleak negar egiten duen tokian, eta Kafkarenak negar idazleak irri egiten zuenean, zeren, konturatu bazarete, inork ez du esaten Kafkaren adiskideek barrenak lurretik zehar barreiatuta uzterainoko irriak egiten zituztenik ipuinak entzutean, ezta gutxiago ere, are, irri egiten zutenik ere ez dago batere garbi. Beraz, umorea gizarteratzeko prozesua ez da jada idazleen eskuetan dagoen zerbait, baizik eta literaturaren gainean eragiketak egiten dituzten pertsonengan dagoen zerbait, hau da, literatura kritikatzen, aztertzen eta zabaltzen dutenen eskuetan, gehienetan kritikariak izaten direnak. Eta hirugarren ikasgaia da irakurketa, beti, prozesu historikoa dela, zeren, esaterako, eskarmentu pixka bat duen irakurleak baitaki Steinerrek, Azuak edo Mannek Kafka irakurtzeari buruz duten esperientzia, eta hortik aurrera, nekez irakurriko baitu Itxuraldaketa adar jotze itzela delakoa, posibilitate hutsa bezala baizik ez bada, kontuan hartu gabe.

        Ikasbide hauei dagokienez, eta apunte pertsonala onartzen badidazue, esango dut pentsatzen nuela hitzaldia hastea esanez ez dakidala zergatik aukeratu nauzuen umoreaz mintzatzeko, baina erdizka gezurrak erdizka egiak diren esanak alde batera utzita, egokiagoa zait aitortzea baietz, nik idazten ditudan gauza batzuek nolabaiteko —nolabaiteko— asmo umoristikoa dutela, eta hainbat jendek antzeman duela nahi hori, nahiz eta, nire kasuan, susmo handiak dauzkadan irakurleak irri egiten duen tokian nik ez dudala hainbat irri egiten eta, alderantziz, ni irriz lehertzen naizen tokian irakurleari horrek ez diola batere graziarik egiten. Baina gelditu gara umorea gauza guztiz pertsonala dela, eta hortaz, idazleak ez ezik, irakurleak ere nahi duen tokian irri egiteko eskubide guztiak dauzka.

 

© Jon Alonso

 


www.susa-literatura.eus